«Ilusioz eta erronka berriekin» ekingo dio denboraldi berriari Lointekek
Taldeko kapitain Naiara Diezen arabera, jokalari «trebeak» ditu aurten taldeak. Etxean hasiko dute denboraldia hilaren 30ean, Snatt´s Femeni Sant Adriaren aurkaAtzo goizean Gernikako arbolaren aurrean bildu zen Lointek Gernika Bizkaia 2017/2018 denb...
Taldeko kapitain Naiara Diezen arabera, jokalari «trebeak» ditu aurten taldeak. Etxean hasiko dute denboraldia hilaren 30ean, Snatt´s Femeni Sant Adriaren aurka
Atzo goizean Gernikako arbolaren aurrean bildu zen Lointek Gernika Bizkaia 2017/2018 denboraldiko taldea aurkezteko. Gernikako taldearen laugarren denboraldia izango da Emakumezkoen Ligan, eta «ilusioz eta erronka berriekin» ekingo diote; izan ere, EuroCup Women 2017 Txapelketa lehiatuko dute aurten.Gerardo Candina Gernika KESB taldeko lehendakariak azaldu duenez, talde teknikoak «lan handia» egin du udan denboraldi barrirako taldea osatzeko, eta aitortu du beraiek desio zuten taldea sortu dutela.
Dena dela, zenbait ezbeharrekin hasiko dute denboraldia. Batetik, familia arazo batzuk tarteko, azaroaren erdialdera arte ezin izango da taldeagaz lanean hasi Talia Caldwell jokalaria. Horregatik, haren lekua beteko duen jokalariren bat fitxatzea espero dute. Bestetik, Amaia Gastaminzak azken partiduan min hartuta, ezin izango du oraindik taldeagaz aritu. Halaber, Maria Pina ere oraindik guztiz osatu gabe dagoela gogoratu du Candinak; dena den, laster osatuko dela uste du lehendakariak.
Zoritxar horien aurrean, baina, garrantzitsuena taldea «bateratuta» egotea dela dio Candinak, eta hala, «arazoa aukera bihurtuko» dutela deritzo. Gainera, taldean «konfiantza osoa» daukala aitortu du, eta ezbehar horien aurrean «gogor borrokatuko» dutela sinisten du. Bien bitartean, eta behin-behineko egoerari aurre egiteko, talde teknikoak «lanean» jarraituko duela azaldu du.
Gernika-Lumoko Udalaren izenean, berriz, Ana Hormaetxe zinegotzia egon zen atzoko aurkezpenean, eta azaldu zuen «ohore bat» dela Gernikako taldea Espainian zein Europan udalerriaren ordezkari aritzea. Era berean, denboraldi berrirako zorte ona desiatu zien taldekideei.
Bestalde, Javier Loroño Lointekeko administratzaile orokorrak adierazi zuen «oso pozik eta harro» daudela Gernika KESB taldearen alde egindako apustua eraberritzeagaz.
Aurreko urteetan legez, aurten ere, Naiara Diez izango da taldearen kapitaina. Bosgarren urtea beteko du Gernikan. Taldeagaz lanean hasi zen lehenengo urtean bigarren mailan zeuden, eta mailaz igotzea lortu zuten orduan. Hala, urtez urte «hobetzen» joan direla uste du jokalari nafarrak: «Garaipenak lortzen joan gara, sailkapenean postuak igotzen, garrantzia handiagoa hartzen…». Eta aurten ere, «hobetzeko» asmoa daukatela azaldu du, «orain arteko jokoa eginez».
Aurtengo erronkak
EuroCup txapelketa ere izango dute aurtengo erronka, eta horretarako «ilusioz» daudela aitortu du. «Ligan ondo aritu nahi dugu, eta Erregina Kopan sartzeko aukerak ere baditugu». Halaber, Maloste «beti betea» izatea ere bada taldearen beste helburuetako bat.
Horri guztiari aurre egiteko talde berria dauka Lointek Gernika Bizkaiak. Nafarrak dioenez, «etorri berri diren jokalariak oso trebeak dira; taldea ezagutzen dute eta baita liga ere». Eta hori taldearentzako «oso garrantzitsua» dela uste du kapitainak.
Irailaren 30ean hasiko du denboraldia Lointek Gernika Bizkaiak. Etxean jokatuko du lehen partida, Bartzelonako Snatt´s Femeni Sant Adriaren aurka.