«Ikusleen txalo zaparradek piztu eta gora eroaten zaituzte»
Aireko akrobaziak egiten aditua da mundakarra. Akrobaziekin batera, antzeztu, dantzatu eta eskujokoak ere egiten ditu bere ikuskizunetan. 13 urte daramatza zirku aktore lanak egiten.Izaskun Agirresarobe (Mundaka, 1984) zirku aktorea da. Aireko akrobazi...
Aireko akrobaziak egiten aditua da mundakarra. Akrobaziekin batera, antzeztu, dantzatu eta eskujokoak ere egiten ditu bere ikuskizunetan. 13 urte daramatza zirku aktore lanak egiten.
Izaskun Agirresarobe (Mundaka, 1984) zirku aktorea da. Aireko akrobaziak egiten ditu korda bertikalean. Bere ikuskizunetan, gainera, antzerkia, eskujokoak eta dantza egiten ere ikus dezakegu. Suhar Prest taldea gidatzen du, eta Paradoxa ikuskizunagaz dabiltza gaur egun.Zelan sartu zinen mundu honetan?
Betidanik gustukoa izan ditut zirkua eta antzerkia, baina Haur Hezkuntzako ikasketak egin nituen. Irakaslea eta zirku artista naiz, azken horretan formakuntza profesionala ere badaukat. 2004. urtean hasi nuen zirku artistaren ibilbidea. Extremaduran (Espainia), Granadan (Andaluzia, Espainia) eta Euskal Herrian zirku, antzerki, clown eta gorputz adierazpena lantzen ibili nintzen. Profesionalki zirku garaikide ikasketak ere egin ditut Bartzelonako (Herrialde Katalanak) El Circ Petiten eta Italiako Cirko Vertigon. 2010 eta 2012 urteen bitartean, Rogelio Rivel eta Teatre-Cirqule zirku eskoletan ere egon nintzen. Bitartean, hainbat zirku taldegaz antzezten ibili naiz.
Irrikiklown ospitale klown elkartea sortu zenuen.
Hala da, bai. Hiruzpalau lagun batu ginen, eta barreterapia egiten duen Mexikoko pertsona baten eskutik ikastaro bat hartu ostean abiatu ginen Irrikiklown proiektuagaz. Gurutzetako ospitalean lan egiten genuen. Hala ere, clown-a baino zer edo zer gehiago egin gura nuen, eta Bartzelonan ikasketa profesionalak hasteko elkartea utzi nuen.
Aireko akrobaziak egiten dituzu. Hastapenetan, min hartzeak ohikoak izaten dira?
Bai, ohikoa izaten da. Gorputzagaz lan egiten duzunean, horrelakoak gertatzen dira. Horregatik, akrobaziak egiten ibiltzen naizenean beti saiatzen naiz nigaz norbait egon dadin. Mundakan nagoenean, hala ere, ez daukat horretan aditua den inor. Horregatik, norberarenganako konfiantza ere garrantzitsua izaten da. Batzuetan, baina, beldur izaten naiz.
Momentu txarrak ere egongo dira.
Bai, zenbait unetan aurrera ez jarraitzeko gogoa ere eduki dut. Ni neu, neure buruari min egiten nenbilen. Lana da bai, baina ez dut min hartu nahi. Hala ere, ikusleen txalo zaparradek piztu eta gora eramaten zaituzte.
Denbora asko beharko duzu entrenatzeko.
Gaur egun, joaten naizenean, lau ordu inguru egiten ditut entrenatzen. Zirku eskoletan, hau da, hastapenetan, 09:00etatik 20:00etara egoten ginen. Hasieran, gainera, ez da ezer ateratzen; beldurra da nagusi, ez daukazu indarrik… Denboraldi hori igarota, gauzak hoberantz doaz, eta gauzak ateratzen hasten dira. 13 urte igaro ostean, ez daukat zertan egunero entrenatzera joan beharrik, egin behar dudana da nire gorputza landu. Gorputza kanpotik eta barrutik zaintzea beharrezkoa eta derrigorrezkoa da lanbide honetan, nire gorputza 8 metrora mugitzen dudalako, eskuen indarragaz bakarrik.
Suhar Prest Zirku Taldean ari zara gaur egun.
Ni naiz zuzendaria, eta aktore lanak ere nik neuk egiten ditut. Nigaz, baina, musikari bat dago, bai eta laguntzaile bat ere, beharrezkoa dudan egituraren muntaia egiteko. Ikuskizunean, beraz, bi gara.
Oraingo ikuskizuna Paradoxa duzu. Zertaz doa?
Zirkua, dantza, antzerkia eta musika uztartzen dituen ikuskizuna da Paradoxa. Gurpilez betetako zelai batean bizi den emakume baten istorioa kontatzen du. Ikuskizuna adin guztietako ikuslegoari zuzenduta dago. Istorioa kontatzeko, hiru gauza erabiltzen ditugu; egitura autonomo berezia, finkatzerik behar ez duena, tamaina ezberdineko gurpilak eta hainbat musika tresna (klarinetea, kitarra, harmonika…). Paradoxak (pertsonaia nagusia) inguratzen gaituen orori eman diezaiokegun bizitasuna, kolorea eta jolas jarrera bultzatzen ditu. Musikariak, bitartean, istorioan murgiltzeko magia trasmititzen du momentuan sortzen duen musika- gaz. Jolaserako gonbidapena egiten duen ikuskizuna da, gainera. Pneumatikoak oso modu berezian erabilita, inguratzen gaituen guztiagaz jolas daitekeela erakutsi gura dugu Suhar Prest Zirku Taldekook.
Ikusleen emozioak pizten saiatzen zara zure ikuskizunean.
Hori egitea gustatzen zait, eta hori egiten saiatzen naiz Paradoxa ikuskizunean. Ikusi egiten dut, gainera, ikusleak emozionatu egiten direla. Hortaz, motibatu egiten naiz, eta lanean jarraitzeko indarra ematen dit.
Etxean egin beharreko lanak ere badaude.
Etxean edo bulegoan asko dago egiteko. Entrenatzea baino gehiago, ordenagailu aurrean egin beharrekoa da etxekoa. Primerako ikuskizun bat eduki dezakezu, baina ordenagailu aurreko lana edota zabaltze lanak egin ezean, ez da inon ikusiko. Ikuskizuna saltzen jakin behar da, eta horrek lan handia eskatzen du.
Zein da kale artearen egoera?
Hobera doala esango nuke. Eusko Jaurlaritza diru laguntza berriak ematen hasi da, eta horrek bultzada ematen dio kale arteari. Bilboko Dantzerti eskola ere asko laguntzen ari da, Euskal Herrian bertan badagoelako formakuntza ofiziala egiteko aukera. Gero eta gehiago dira, gainera, antolatzen diren kale arte jaialdiak. Euskal Herritik kanpora ateratzen ari diren gero eta talde gehiago ere badaude. Ikuskizun berriak sortzeko diru laguntzak ere egoten dira, baina nire kasuan, nik neuk ordaindu behar izan dut guztia. Eskatu egin nuen, baina ez zidaten diru laguntzarik eman. Inbertsio handia egin behar izan dut.
Formakuntzagaz jarraitzeko asmorik badaukazu?
Gogoa badaukat. Nire ikuskizunetan akrobazioak egiten jarraituko dudala argi daukat, ahal dudan arte, behintzat. Ikastaroetan denok ikasten ditugu gauza berdinak. Gerora, baina, zerbait gehiago behar da, interpretazio pertsonala beharrezkoa da. Koreografia guztiek artistaren identitatea eduki behar dute. Dantza ikastaroak ahal dudan guztietan egiten ditut. Beti ikasten da zerbait, behin zure gorputza ezagututa, gauzak ateratzen joaten dira. Ez naiz geldituko. Gaur egun egiten ditudan motako akrobaziak ezin baditut egin, beste mota batekoak egingo ditut. Beti dago antolatzeko modua, aukera ezberdinak egon badaude.
Zer eskaintzen dizu zuri kale arteak, zer sentitzen duzu 8 metrora eskegita zaudenean?
Entrenatzen nagoenean ni nire gorputzagaz nago, eta denok behar dugu norbere buruagaz egoteko une bat. Ikuskizunean, berriz, nire pertsonaian sartzen naiz, ez naiz Izaskun. Eskuak sokatik askatzen ditudanean zer sentitzen dudan esatea zaila da, minik hartu ez dudala pentsatzen hasten naiz, eta gai naizela pentsaten dut.