Athletic Clubeko lehen mailako jokalaria da Gautegiz Arteagako Damaris Egurrola (Florida, AEB, 1999). «Zaila» izan arren, berriro ere liga irabaztea «ikaragarria» litzatekela aitortu du
Noiz hasi zenuen futbolari ibilbidea?
Zazpi urte nituela etorri nintzen Ameriketatik Euskal Herrira. Ordura arte baloiagaz jolasten nuen, baina ez nuen futbolera jokatzen. Behin berton, herriko plazan, eskolan… jokatzen nuen futbolean. Mutilekin aritzen nintzen. Gernikako Lumo taldean hasi nintzen gero, eskolarteko partiduetan… Geroztik, pixkanaka-pixkana mailaz igotzen joan naiz. 13 urtegaz, esaterako, mutilekin jokatzeari utzi behar izan nion eta nesken talde batean hasi nintzen:?Erandioko Betiko Neskak. Talde horretan jokatzen nuen bitartean fitxatu ninduen Athleticek (2014/2015). Ordutik, Athletic Club B taldeagaz izan dut fitxa, baina lehen mailako taldeagaz hainbat partidu jokatu izan ditut; iazko denboraldian, esaterako, ia danak. Aurten, baina, lehen mailako taldeagaz daukat fitxa.
Ba al dago alderik bigarren eta lehen mailen artean?
Bigarren taldean denok ginen gazteak eta elkar laguntzen genuen. Maila bazegoen, baina lehen taldeagaz entrenatzea bestelakoa zen; azken finean, jende profesionala biltzen baitu taldeak; futbolean onenak direnak. Maila bien arteko saltoa nahiko handia da; horregatik, aurten, bigarren mailako taldeko jokalariak hobeto prestatzen dabiltza, salto handi hori ekiditzekotan. Gehienbat, erritmo eta indarraren kasuan da nabariagoa diferentzia. Jokoa ere askoz politagoa da lehen mailan.
Nolakoa izan zen lehen mailako debuta?
Oiartzunen jokatu genuen, giro ezin hobean. Arraro samarra ere izan zen. Urduri nengoen. Irabazten gindoazen, eta gola sartzeko aukera paregabe bi izan nituen, eta bietan huts egin nuen. Momentu hartan zalantzan jarri nuen lehen mailara ailegatzeko gai izango ote nintzen. Baina gerora, lehen mailakoekin entrenatzen hasi nintzen eta egoerak beste bide bat hartu zuen, hobea.
Espainiako selekzioagaz ere eskarmentua duzu dagoeneko.
16 urtez azpikoetan jokatu nuen lehenengoz Espainiako selekzioagaz. Maila horretan lagunarteko partiduak baino ez dira lehiatzen. 17 urtez azpikoetan, aldiz, hiru fase jokatu genituen, eta finala (Europako txapelketa) galdu egin genuen Alemaniaren aurka, penaltietan. Munduko txapelketa jokatu genuen Jordanian, eta orduan, hirugarren egin genuen. 19 urtez azpikoetan ere Espainiako selekzioagaz jokatzen ari naiz. Europako txapelketako sailkatze fasea jokatu genuen Hungarian, eta finala Ipar Irlandan. Garaipena lortu genuen azken horretan, Europako txapeldun bilakatuz. Emozioz beteta nengoen, eta bi egun beranduago sinetsi nuen garaipena gurea zela.
Espainiakoagaz ez ezik, AEBtako selekzioagaz lehiatzeko aukera ere baduzu, ezta?
Espainiakoan, AEBtakoan zein Holandakoan jokatzeko aukera daukat; izan ere, nire ama Holandakoa da. Beraz, aldatzen ere joan naiteke, baina, momentuz, pozik nago Espainiako selekzioagaz, eta ez nuke gaur gaurkoz aldatuko; aurrerago, beharbada.
Nola ikusten duzu gaur egun zure burua lehen mailan?
Hirugarren urtea da lehen mailan lehiatzen ari naizena, orain arte bigarren mailako fitxagaz izan bada ere. Beraz, gaur egun, hobeto moldatzen naizela uste dut. Iaz partidu erdiak baino gehiago titular jokatu nituen, eta horrek asko lagundu ninduen, bai konfiantza hartzeko eta baita aurtengo denboraldiari begira ere.
Nolako taldea du aurten Athleticek?
Bigarren mailatik igotako gazte dezente gaude taldean, eta horrek eragina izaten du. Taldeko zenbait beteranek ere utzi egin dute taldea eta hori ere asko nabaritzen da. Hasiera batean zaila izango da bigarren mailatik gatozelako eta gainontzeko taldeek esperientzia gehiago daukatelako. Baina gazteok saiatuko gara ikasten eta aurreko denboraldia hobetzeko ahaleginean laguntzen.
Zein da zure jokoa?
Erdilaria naiz, eta nire beharra taldeak joka dezan ahalbidetzea da, baloia atzetik ateratzen ahalegintzen naiz, eta erritmoa ematen; jokoa banatzen alde batetik bestera.
Zeintzuk dira denboraldi honetarako dituzun helburuak?
Liga irabaztea geroz eta zailagoa daukagu;?izan ere, gure filosofiari jarraituta bertoko fitxaketak egin behar izateak zaildu egiten du. Hala ere, modu horretan, gazteok jokatzeko aukera gehiago ere baditugu. Azken finean, gure helburua ikasten jarraitzea da, hobetzen, eta gozatzen. Hori lortuko bagenu, gauza politak egitea posible litzateke.
Athleticegaz bigarren gola sartzeko zain al zaude?
Gola sartzea ez da izaten nire tokian jokatzen dutenen lehenbiziko helburua; beraz, gola sartuko banu poztuko nintzateke, baina golik ez sartzeak ez luke ezer suposatuko.
Futbol zelaian betegabeko ametsik ba al duzu?
Europako txapelketa irabazita, munduko txapelketa jokatzear daukagu Espainiako selekzioagaz, eta hori irabaztea litzateke beste amets bat. Bestalde, Athleticegaz berriro liga irabaztea ikaragarria litzateke. Zaila izango da, baina badaukagu talde lehiakor bat.
Emakume futbolariek ba al daukate futbolaz bizitzeko aukerarik?
Emakumeen futbola asko aldatzen ari da; komunikabideetan eta sare sozialetan, esaterako, oihartzun gehiago dauka gaur egun. Hala ere, emakumeek oraindik ere ezinezkoa dute futbolaz bizitzea, Euskal Herrian eta Espainian, behintzat. Horregatik, lanean edo ikasten jarduten dugu futbolean jokatzen dugun bitartean. Gizonezkoek, berriz, nahikoa daukate futbolean jokatzeagaz. Europako egoera bestelakoa da; bertan badira futbolaz bizi diren emakumeak.
Ba al du etorkizunik emakumeen futbolak?
Bide beretik jarraituz gero, izango du etorkizuna, pixkanaka-pixkana.