Baldatika eta Gaitoka auzoetako bideak konponduko dituzte
Foruko Udalak jakitera eman duenez, konponketa lanak egingo dituzte Baldatika eta Gaitoka auzoetako bideetan, eta horretarako 92.00 euro inguruko inbertsioa egingo duela aurreratu du.Aipatu konponketa lanak lehiaketara atera dituela azaldu du, eta prop...
Aipatu konponketa lanak lehiaketara atera dituela azaldu du, eta proposamenak aurkezteko epea irailaren 15ean (barikua) amaituko dela gaineratu du.
Zehatz esateko, 91.940,51 euroko aurrekontuagaz burutuko dituzte hobekuntza lanak, eta Foruko Udal ordezkariek azaldu dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiari laguntza eskatuko diote, «udal txikientzako aurreikusitako Azpiegituren Dekretuaren bitartez».
«Funtsezko inbertsioa»
Jane Eyre Foruko alkatearen berbetan, bideak behar den moduan mantentzea «funtsezko inbertsioa» da, «beharrezkoa eta aldizkakoa», eta gogora ekarri du mugikortasuna garrantzitsua dela pertsonen bizi-kalitate onerako: «Horretarako, herri baten sarbideak ezinbestekoak dira, batez ere, geure herrian bezala sakabanatutako auzoak badaude. Sarbide horiek askotan eguraldi txarrak hondatu egiten ditu, iriste erraztasuna oztopatuz. Udaletxe txikia garenez eta aurrekontu mugatua daukagunez, inbertsio honi kudeaketa ahalegin garrantzitsua eginez aurre egiten diogu».
Udalaren asmoa Gaitoka auzoko errepidearen zati bat asfaltatzea da. Hain zuzen, auzoa eta herrigunea lotzen dituen bidean kilometro bat asfaltatuko dute. Zehaztu dutenez, aurretik zoladuran konponketa batzuk egin zituzten, baina berriro ere egoera txarrean dago. Horregaz batera, hostorik eta harririk ez pilatzeko drainatzea eta areka hobetuko dituzte, bai eta baserrietako adarkadurak ere.
Zolaketa lanak
Bestalde, Baldatikarako sarbidearen zati batean zolaketa lanak egingo dituzte. Zehatz esateko, Baldatika auzora doan mendi bide batean atontze lanak burutuko dituzte. Hala, 300 metrotan dagoen hormigoizko bideari jarraipena emango diote. Bide bazterrean areka bat egingo dutela eta euri-uren drainatzea hobetuko dituztela azaldu dute.