Alga ugaritzeak sortu dituen kalteak, azalean
Eguzkik jakin ahal izan duenez, «alga ugaritze arriskutsua» gertatu da azken egunetan, eta bainua hartu duten batzuek azkura sentitu dute. Fenomenoaren eragina Lekeitiora ere ailegatu dela baieztatu du Eguzkik.Beroari aurre egiteko bainua hartu eta b...
Eguzkik jakin ahal izan duenez, «alga ugaritze arriskutsua» gertatu da azken egunetan, eta bainua hartu duten batzuek azkura sentitu dute. Fenomenoaren eragina Lekeitiora ere ailegatu dela baieztatu du Eguzkik.
Beroari aurre egiteko bainua hartu eta bat-batean azkura sentitu dute azken egunotan euskal kostaldean uretaratu den batek baino gehiagok. Baina horrek bere zergatia daukala kontatu du Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistak: agintariei galdetuta, alga ugaritze kaltegarri bat gertatu dela baieztatu dute azken horiek.Harmful Algal Bloom izenagaz ezagutzen da fenomenoa. Itzulpena eginda, izendapen horrek alga ugaritze kaltegarria esan nahi du. «Donostiako Kontxa hondartzan bainua hartu eta gero herritar batzuek azkura sumatu zutela eta, Eguzkik horren inguruko azalpenak eskatu zituen. Eta Alfonso Diez Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotziak baieztatu digu alga ugaritze kaltegarria gertatu dela».
Diezen erantzunaren aurrean, Eguzkikoek bigarren galdera bat bota dute: «Alga ugaritze kaltegarria gertatu zela jakinda, ez zuten herritarrak informatzeko asmorik Eguzkik horri buruz galde egin arte?».
Lekeition ere bai
Talde ekologistako kideek gaineratu dutenez, fenomeno horren eragina ez da bakarrik Donostialdean sumatu. Diezek esandakoaren arabera, ondorioak Deban eta Mutrikun ere antzeman dituzte. «Horrez gain, Eguzkiko kideok Ondarroako eta Karraspikoko hondartzetan bainua hartu duten herritarrek ere azkura hori sumatu dutela baieztatzen duten testigantzak ditugu».
Fenomenoaren zabalkunde geografikoa, beraz, Diezek esandakoa baino handiagoa izan dela uste dutela gaineratu du talde ekologistak. «Oso litekeena da hondartza gehiagotan ere sumatu izana».
Alga ugaritzea joan den asteko zapatuan gertatu zela argitu du Donostiako zinegotziak. «Eguzkik, baina, joan den asteko martitzenean jaso zituen herritarren salaketak».
Egoera horren aurrean, Eguzkik Eusko Jaurlaritzak gertaeraren berri eman beharko lukeela uste du. «Guk idatziz ere eskatuko diegu alga ugaritzearen inguruko informazioa. Izan ere, Diezek emandako azalpenen arabera, horren inguruko informazio badute».
Desinformazioa
Gertaera honek, baina, agintari batzuek «herritarrak alferrik ez aztoratzeko aitzakiagaz informazioa alboratzeko joera» dutela pentsatzera eraman du talde ekologista. «Gure ustez, jokaera horiek sortzen dute aztoramena eta mesfindantza gehien. Horren adibide garbia da oraingo gertaera hau. Izan ere, hondartzetan zerbait gertatzen zela jakin dugu, inguruan jende asko azka egiten ikusi eta gero horren inguruko informazio eskatu dugulako».
Talde ekologistakoen arabera, Jaurlaritzak gertaera horren inguruko informazioa eman egin beharko luke. «Herritarron eskubidea da. Are gehiago kontuan izanda osasunean eragina izan dezakeela».
«Sarriagotan gertatuko da»
Eguzkiren ustez, gertaera horrek «fenomeno horien inguruko pedagogia egiteko aukera» eskaintzen du. «Eta kontuan hartzen badugu aurrerantzean horrelakoak ugaritu egingo direla, hobe da informazioa lehenbailehen ematea. Informazioa eskuan edukita, norberak erabaki dezala aztoratzeko arrazoirik dagoen edota bainatzen jarraitu nahi duen edo ez».
Bizkaiko Foru Aldundiak, bestalde, Bizkaiko hondartzetako uraren kalitatea neurtzen du aldiro-aldiro. Txosten horien arabera, uraren osasun egoera bikaina izaten ari da udaldi osoan. Kutsadura mikrobiologikoa izateko arriskua «ertaina» dela ere esan dute. Makroalgak ugaltzeko arriskua ere «baxua» dela ondorioztatu dute. Fitoplanktona ugaltzeko arriskua, ostera, «baxu-ertaina» bezala zehaztu dute; iraupen laburreko kutsadura gertatzeko arriskua «ertaina» moduan agertzen da.
Edonola ere, Lea-Artibaiko Eguzkik herritarrekin partekatu nahi izan ditu bai euren kezkak eta baita ere euren eskaerak tarteko agintariek eman dizkieten azalpenak.