Abian da gazteentzako IV. Enpresa Ideia Lehiaketa
Busturialdeko 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako IV. Enpresa Ideia Lehiaketa antolatu dute Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria sailek eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen Gazteria Zerbi- tzuak. Azaroaren 10era arte aurkez daitez...
Busturialdean ekintzailetza kultura hedatzea, lana eta aberastasuna sortzea, ekonomia sustatzea eta enpresa proiektu onenak saritzea dute helburu lehiaketaren antolatzaileek.
Zenbait baldintza bete beharko dira. Enpresa ideia bat aurkeztu ahal izango da, edota 2017. urtean sortutako enpresa bati buruzko proiektua. Kasu batean zein bestean, enpresak Busturialdean eduki beharko du kokapena.
Proiektuen artean onenak saritzeko, hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan: batetik, berritzaile izaera, balio erantsia edota originaltasuna eskaintzea; bestetik, enplegua sortzeko daukan potentziala eta sortutako lanpostuen kalitatea. Halaber, ekintzaile taldeak proiektua gauzatzeko daukan gaitasuna eta eskualdean proiektua gauzatzeko legokeen aukera ere kontuan hartuko dituzte. Azkenik, proi- ektuaren definizio-garapen maila, jasangarritasuna eta gizarte-eragina ere aintzat hartuko dituzte.
Proiektu irabazlearen egileek 3.000 euroko saria jasoko dute. Gainera, Arratzuko Elkartegian urtebeteko kuota ordainduta izango dute. Bigarren saridunarentzat 2.000 euro banatuko dituzte; horrek ere urtebeterako izango du Arratzuko Elkartegiko kuota ordainduta. Lehen sektoreagaz zerikusia duen ideia onenari 1.000 euro emango dizkiote, aurreko saririk jaso ez badu.
Dokumentazioa aurkeztea
Proiektua aurkeztean, izen-emate fitxa beteta entregatu beharko dute parte hartzaileek, eta aparteko gutunazal itxi batean, egileen datuak (NAN, Curriculuma eta aurkeztutako ideiaren titulua). Dokumentazio guztia paperean aurkeztu beharko da.
Izen emate orriak batu eta entregatzeko eta informazio gehiago izateko, Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzura (giz@bermeo.eus/94-617 91 58), Busturialdeko Herri Txikien Gazteria Zerbitzura (gazte- ria@urremendi.org/94-625 76 09) edota Gernika-Lumoko Gazteentzako Informazio Zerbitzura jo beharko da.