Mallona alkate ohia omentzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte Mundakan
36ko gerran fusilatu zuten Alejandro Mallona Iza. Zapatuan Mallona parkean egingo dute ekitaldi nagusia. 'Nunca mas' erakusketa dago Tribisarrospe Kultur Etxean, irailaren 22ra arteMundakako Udalak alkate jeltzalea izan zen Alejandro Mallona Iza omendu...
36ko gerran fusilatu zuten Alejandro Mallona Iza. Zapatuan Mallona parkean egingo dute ekitaldi nagusia. ‘Nunca mas’ erakusketa dago Tribisarrospe Kultur Etxean, irailaren 22ra arte
Mundakako Udalak alkate jeltzalea izan zen Alejandro Mallona Iza omenduko du bere fusilamenduaren 80. urteurrenean. Horretarako, bere inguruko eta Mundakako memoriaren inguruko oroitzapenezko ekitaldiak antolatuko dituzte.Domekan eman zioten hasiera udalak prestatu duen egitarauari, Santa Katalina baselizan eskaini zuten kontzertuagaz. Ondoren, astelehenean, lore eskaintza egin zioten Mallona alkate ohiari Mundakako kanposantuan.
Astelehen arratsaldean, bestalde, Sabino Arana Fundazioak antolatutako Nunca Mas erakusketa zabaldu zuten.
Aipatu erakusketa irailaren 22ra arte bisitatu ahalko izango Tribisarrospe Kultur Etxean, 19:00etatik 21:00etara.
Bihar, hitzaldia
El Escarmiento-Gerra giroa Busturialdean hitzaldia eskainiko du Joseba Agirreazkuenagak bihar. Tribisarrospe Kultur Etxean izango da, 20:00etan.
Zapatua izango da, berriz, omenaldia egiteko eguna. Alkate Mallona parkean batuko dira 11:00etatik aurrera, omenaldia egiteko. Ohorezko aurreskua dantzatuko dute parkean dagoen bere omenezko monolitoan, eta txistulariek eta abesbatzak parte hartuko dute ekitaldian.
Irailaren 15ean, berriz, Iñaki Goioganaren hitzaldia egongo da Tribisarrospe Kultur Etxean, 19:30ean hasita. Inicio y fin de la guerra civil izeneko hitzaldia eskainiko du.
Liburu erakusketa
Irailaren 20tik aurrera, beste alde batetik, 36ko gerra lantzen duten liburuen erakusketa bat egongo da ikusgai Mundakako liburutegian: komikiak, narratiba historikoa, ipuinak, eleberriak… Astelehenetik barikura egongo da zabalik, 16:00etatik 20:00etara.
Irailaren 21ean, Edorta Jimenezek hartuko du hitza. Hain zuzen ere, Euskal kultura eta literatura gerra ostean hitzaldia eskainiko du 19:30ean hasita, Tri- bisarrospe Kultur Etxean.
Memoria historikoa
Alkate Mallona omentzeko antolatutako ekitaldiak irailaren 22an amaituko dira hitzaldi bategaz. Hain zuzen, Aranzadi memoria historikoa berreskuratzearen garrantziaz ariko da. Hitzordu hori ere 19:30erako jarri dute, Tribisarrospen.
36ko gerran, 1937ko irailaren 4n fusilatu zuten falangistek Mallona Mundakako alkate zela. Errepublika garaian Euzkadiko Errepublika federatua sortzeko eta Euskal Errepublika Gernikan aldarrikatzeko euskal alkateek egindako ahaleginetan parte hartu zuen.
Hori dela eta, bere ibilbide politiko aktiboa kontuan hartuta prestatu dute egitaraua. Mallonaren biografia politikoa eta pertsonala berreskuratzeari zuzenduta dagoela adierazi dute udaleko arduradunek.