Guraso eta etorkinentzako euskara ikastaroak hasiko dituzte urrian
Beste urte batez, Bermeoko Udalak guraso eta etorkinentzako euskara ikastaroak antolatu ditu, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean. Batean zein bestean parte hartu nahi duenak irailaren 30era arteko epea izango du izena emateko, Berhaz bulegoan.
Besteak beste, familia bidezko transmisioa indartu nahi du udalak, eta, horregaz batera, Bermeora kanpotik datozenentzat euskara ikasteko aukerak zabaldu.
Aipatu ikastaroak urrian hasi eta ekainean bukatuko direla azaldu dute gaur Bermeoko Euskal Gunean egin duten prentsaurrekoan bildutako Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko Euskara Zinegotziak, Maite Alvarez Euskara teknikariak eta AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietako ordezkari Iratxe Garmendiak eta Leire Melendezek.
120 orduko iraupena
Gurasoei zuzendutako ikastaroak, esaterako, AEK euskaltegian emango dituzte, eta etorkinei zuzendutakoak, aldiz, Gotzon Garitaonaindia euskaltegian. Biek ala biek 120 orduko iraupena izango dute. Hala, ikastaroek aurrera egiten duten bitartean, guraso zein etorkinek Berbalguneko taldeen euskara praktikatzeko aukera izango dutela gogorarazi dute.
Gurasoei zuzendutako ikastaroetan, euskararik ez dakitenek zein jakin arren, alfabetatu nahi dutenek parte hartu ahal izango dute. Garmendiak azaldu duenez, «seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetsunak landuko dituzte, ulermena landuko dute eta testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dute, besteak beste». Izan ere, hizkuntzaren transmisioan gurasoek «zeregin garrantzitsua» dutela azpimarratu du Garmendiak.
Etorkinei zuzendutako ikastaroetan, bestalde, komunikatzeko oinarrizko gaitasuna landuko dute, eta, horren bitartez, euskarazko lehen berbak esaten zein egunerokotasunean erabiltzen diren berba zein esaldiak praktikatzen ikasiko dute ikasleek.
Alvarezek azaldu duenez, azken ikastaro horiek beste herrialde batzuetatik etorritako pertsonentzat antolatzen dituzte, «berton bizitzeko euskara ikastea lagungarria delako».