Herriko jai nagusien jarraipena izan dute asteburuan Gautegiz Arteagan; aurreko asteburuan hasi baitziren herritarrak sanantolinetako egitarauagaz gozatzen. Jai giroan hasi zituzten herriko jaiak, eta amaitu ere era berean egin dituzte. Bitartean, herritarrek «oso ondo erantzun» dutela esan du herriko alkate Jun Felix Naberanek.
Argazkia: Amaia Etxebarriazarraga
Inolako ezbeharrik gabe ospatu dituzte jaiak; «pozik eta giro onean». Ekitaldiek iraun bitartean, gainera, eguraldia ere lagun izan dutela azpimarratu du alkateak. Naberanek azaldu duenez, «ume, gazte zein helduei begira» antolatzen dituzte herriko jaiak; hala, beste urte batez, adin ezberdinetako herritarrak batu dituzte jaiek.
Barikutik domekara, dantzekin, trikipoteoagaz, erromeriagaz, mezagaz, jaitsiera eta kalejiragaz, puzgarriekin, mus txapelketagaz, kale antzerkiagaz, esku pilota partiduekin eta folk kontzertuagaz gozatu dute, besteak beste.
Argazkia: Amaia Etxebarriazarraga
Pilota partiduek, esaterako, arrakasta izan zutela azpimarratu du alkateak; «frontoia bete egin zen». Folk kontzertuan, berriz, zapore gazi-gozoa geratu zaio Naberani; izan ere, «kontzertua maila altukoa» izan bazen ere, jende gehiago espero zuen arteagarrak. Hala ere, «jende nahiko» bildu zela azaldu du.