Gernika-Lumoko Errenteria auzoa festetan da. Lurgorriko San Lorentzo jaien eta Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke festen ostean, sanbartolomeak ospatzen ari dira errenteriarrak.
Eguaztenean bota zuten txupina, eta atzoko egunaren ostean, estropadak jokaatuko dituzte gaur arratsaldean, Oka errekan. 19:00etan hasiko da Errenteriako II. San Bartolome ikurriña.
20:00etatik aurrera, Tukatukada batukadak girotuko du San Bartolome kalea, eta pintxopotea 20:30ean hasiko da.
Bihar ere festa eguna izango dute auzo horretan, eta 14 kilometroko mendi ibilaldiagaz emango diote hasiera zapatuari. 12:00etan tortilla txapelketa hasiko da, eta parte hartzaileek 14:00etan aurkeztu beharko dituzte platerak. Bitartean, Urdaibai Folk taldearen musikak girotuko du auzoa.
Arratsaldean, 17:00etan hasita, umeen jolasak eta buruhandiak izango dira Errenterian. Eta aurtengo San Bartolome festei amaiera emateko Xaiborren erakustaldiagaz gozatzeko aukera izango dute bihar ume zein nagusiek, 19:00etatik aurrera.