Txanton Pipirriren zain
Herriko jai nagusiak hasteko lau egun baino ez zaizkie falta ispastertarrei. Aurretik, Erakus-txakur Lehiaketa dute aurten. Beste lau egunetan hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera daukate.Txanton Pipirriri ondoetorria emateko gogotsu daude ispastertarrak...
Herriko jai nagusiak hasteko lau egun baino ez zaizkie falta ispastertarrei. Aurretik, Erakus-txakur Lehiaketa dute aurten. Beste lau egunetan hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera daukate.
Txanton Pipirriri ondoetorria emateko gogotsu daude ispastertarrak. Haren igoeragaz lehertuko da jaia astelehenean, eta eguenera arte askotariko ekitaldietan elkartuko dira bizilagunak, jai giro ederrean.Astelehenean jaiei hasiera ofiziala eman aurretik, baina, Otoio Ehiztarien Kirol Elkartearen eskutik, domekan Erakus-txakurren Lehiaketa egingo dute Agarretxuko zelaian. Hain zuzen, hori da aurtengo jaietako berrikuntza nagusia. Txakur kontinentalen zein txakur ingelesen txapelketa da, eta txapelketa irekiagaz batera, herrikoena ere lehiatuko dute. Hala, sarietan ere bereizketa hori egongo da.
Txapeldun absolutuaren txapelaz gain, ingelesen nahiz kontinentalen irabazleek garaikurra eta paletilla jasoko dituzte, herriko irabazleak, ostera, txapela eta paletilla irabaziko ditu. Bigarren sailkatu guztiek paletilla irabaziko dute, eta hirugarrenek janari sorta bat.
Astelehenean, txupina jaurti aurretik, pala txapelketaren finalak jokatuko dituzte, eta bi bikote finalistek afari ederra irabaziko dute sari moduan.
Bestalde, gaueko Ilargi Beltza erromeria ikusteko, ohi legez, Gababus zerbitzua dute eskualdeko herritarrek, eta eatarrentzat ere autobusa antolatu dute. Horiek 22:30ean irtengo dira Txangurro tabernaren aurretik, eta 03:30ean dute Eara bueltatzeko autobus zerbitzua.
Santiago egunez Santiagoko baselizan elkartuko dira, eta meza ostea girotzeko, bote luzean bizkaitarren eta gipuzkoarren arteko desafioaz gozatuko dute.
Arratsaldean, berriz, abentura gunean ondo pasatzeko aukera izango dute ume eta gaztetxoek. Nagusienek, ostera, mus txapelketa jokatuko dute. Bikote irabazleak txapelak, garaikurrak eta 400 euro jasoko ditu, eta finalean bigarren sailkatzen den bikoteak garaikurrak eta 300 euro irabaziko ditu.
Gaua barre-algara artean pasatzeko plana izango dute; Ane Gabarain eta Iñake Irastorza aktoreek Bi izarren kalenturak obra dakarte Ispasterrera. Aktore eta idazle baten arteko maitasun/gorroto sentimenduen talka eta norgehiagokaren kontaketa da antzezlana.
Santa Ana eguneko krosa
Bestalde, kirol emanaldiak izango dira Santa Ana eguneko protagonistak. Eguerdian, trialeko bizikleta erakustaldia eskainiko dute, eta arratsaldean, tradizio handiko kros herrikoian parte hartuko dute ume, gazte zein nagusiek. Proba hasi baino ordubete edo ordu erdi aurretik udaletxean izena eman behar da.
8 urte bitartekoek 1,1 km-ko lasterketa burutuko dute, eta 15 eta 16 urtekoek, ostera, 2,3 km-koa. 17 urtetik gorakoentzat 7 km-ko proba izango da. Hala, adin tartearen araberako sariak bereizi dituzte, bai eta neskenak eta mutilenak ere.
Biharamunean, jaiak merezi moduan borbiltzeko herri bazkarian batuko dira. Astelehena da txartelak erosteko azken eguna. Horiek Naberan dendan, Areitz Bi tabernan eta Herriko Tabernan eskuratu daitezke.
Arratsaldean ere giro ederra izango dute bolo txapelketan eta mozorro lehiaketan. Mozorro lehiaketan bi talde bereizi dituzte: bakarkako edo talde txikiak eta talde handiak. Lisker taldearen doinuekin dantzan agurtuko dituzte herriko jai nagusiak datorren urtera arte.