Leatarren nortasuna goraipatuz
'Mendi, ibai eta itsaso artean, Leatarrok elkarlanean' lelopean ospatuko dute Leatarren Eguna uztailaren 29an. Bost herriek elkarlanean antolatzen dute jaia.Lea Ibarra bizirik mantentzeko, Amorotoko, Aulestiko, Gizaburuagako, Mendexako eta Munitibarko ...
‘Mendi, ibai eta itsaso artean, Leatarrok elkarlanean’ lelopean ospatuko dute Leatarren Eguna uztailaren 29an. Bost herriek elkarlanean antolatzen dute jaia.
Lea Ibarra bizirik mantentzeko, Amorotoko, Aulestiko, Gizaburuagako, Mendexako eta Munitibarko herritarrek hainbat ekimen burutzen dituzte denen artean urtean. Baina uztailaren 29an Munitibarren ospatuko duten Leatarren Eguna da haien egun handia. Auzolanean oinarritutako jaia elkar batzen dutenaz konturatzeko, leatar izaera indartzeko, elkar hobeto ezagutzeko eta elkarregaz ondo pasatzeko aitzakia ederra izango da beste behin.Egun bakarreko jaia antolatzeko bost udalerrien arteko koordinazioa ezinbestekoa da, eta zeregin horretaz arduratzen dira batzordeko kideak. Batzordea martxoan hasi zen batzartzen. Herriz herri bilerak egin zituzten herrritarren proposamenak jasotzeko. «Ekarpenak jaso ostean, berriro elkartu eta horren arabera joan gara egitaraua osatzen».
Herrietako ekarpenekin apurka-apurka joan dira egitaraua lotzen, beti ere, herrian dauden taldeak kontuan hartuta: «Aurten, adibidez, Aulestiko batukada etorriko da, beste urte batzuetan fanfarria edo dultzaineroak egon dira; herri bakoitzean zer dagoen ikusi, eta egitarauan hori sartzen ahalegintzen gara, jendea kanpotik ekarri beharrean».
Auzolana dago jaiaren aurretik, eta egunean bertan zer esanik ez. Lan asko dago egiteko, eta leatar denen artean banatzen dituzte zereginak. Esate baterako, jokoak antolatzeko azpitalde bat dute, eta dantza saioa prestatzeko lanaz ere beste talde bat arduratu da. «Boluntario lana da guztiz, eta herritarren artean txandak banatzen ditugu».
Karrozak zelakoak izango diren izaten da eguneko «ezustekoa»; ikusmina sortzen dute. Herri bakoitzak bere kabuz prestatzen ditu: «Besteok ez dugu jakiten zelako karrozak egingo dituzten beste herriek».
Urteetako esperientziak koordinazio lana errazten die, baina, hala ere, beti daukate zer edo zer berria. Hain zuzen, aurten berrikuntza nagusia pilota partiduak dira. Federatu gabekoen eskuz binakako txapelketa hartuko du Munitibarko frontoiak. Barikuan (uztailak 28) jokatuko dituzte kanporaketak, eta finalerdiak eta finalak, domekan.
Parte hartu gura dutenek uztailaren 28an 18:00etan izena eman behar dute frontoian.
Bestalde, zapatuan Munitibarko artisauen azoka ipiniko dute plazan: «Pilota partiduak inoiz ez dira egin, eta artisau azoka ere normalean ez da egoten, baina 2004ean hemen egin zen Leatarren Egunean ere egon zen artisau azoka».
Hain zuzen, hausnarketa prozesu baten ostean, berrikuntza nagusiak aurreko Leatarren Egunean egin zituzten. 2013an Aulestin batu ziren Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibarko bizilagunak. Esate baterako, aurretik arratsaldez egiten zuten karrozen erakustaldia, eta orduan eguerdira pasatzea erabaki zuten; txupina ere lehenengoz bota zuten Aulestin ospatutako Leatarren Egunean. Gainera, ordura arte ez bezala, herri jokoak egin zituzten, herri kirolen ordez: «Aurretik herrien artean jokatzen ziren, eta orduan herri desberdinetako pertsonez osatutako taldeak egin genituen, eta aurten ere horrela izango da».
Halaber, Aulestikoaren aurretik, domekaz ospatzen zuten Leatarren Eguna, orain, berriz, zapatuan da.
Bestalde, 2013an antolatu zuten lehenengoz Leatarren Eguneko Lema Lehiaketa. «Logo lehiaketa lehen ere beti egiten zen, leloarena bigarrenez egin dugu». Leatar nortasunari indarra emateko leloa aukeratzen dute. Aurten hamazortzi lan jaso dituzte, eta Ane Miren Elorza markina-xemeindarraren Mendi, ibai eta itsaso artean, leatarrok elkarlanean leloa aukeratu dute.
70eko hamarkadatik
1977. urtean Mendexan egin zuten lehenengo Leatarren Eguna. Hasiera batean, urtero antolatzen zuten, eta gerora, hiru urtetik behin hasi ziren ospatzen jaieguna.
70eko hamarkadatik asko aldatu da Lea Ibarra, bai eta herritarren bizimodua ere. Alabaina, leatarrek belaunaldiz belaundaldi mantendu dute ospakizuna.
Garai hartan ez zegoen ia industriarik, ez eta eskolarik ere, eta herriek zerbitzu gutxi zituzten. Testuinguru horretan, leatar talde bat elkartu, eta pauso garrantzitsua eman zuten: «Antzeko ezaugarri eta arazoak genituen herriak izanik, aldarrikapen batzuen inguruan bat egitea lortu zuten. Horrela, herritarren arteko sarea, harremana sortu zen». Beraz, elkarlanean, gerora bailararen garapenerako ezinbesteko izan diren mankomunitatea, industriagunea, eskolak… sortu zituzten.
Horretarako, ezinbestekoak izan ziren bailara nortasuna indartzea, elkar ezagutzea eta elkarlana sendotzea. «Leatarren Eguna horren harira sortu zuten, urte guztian beharrean egoten ziren, denak egun horretan elkartu eta jaia egiteko».
Umetatik bizi dute haien egun handia. Belaunaldi desberdinetako herritarrek elkarregaz ondo pasatuz leatar sentimendua goraipatzeko eguna da. «Gaur egungo belaunaldien artean gero eta gutxiago dago sentimendu hori, galtzen doa. Beharrezkoa da nortasun eta sentimendu hori indartzeko, aldarrikatzeko eta nabarmentzeko eguna edukitzea».