Kiroldegia erabiltzen dutenen gogobetetze maila handia da
Aurten ere, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak inkestak egin ditu kirol ekintzetako erabiltzaileen artean. Jakinarazi dutenez, kiroldegiko ekintzetan parte hartzen dutenen batez besteko gogobetetze maila 8,25 puntukoa izan da.Bi inkesta egin dituztela...
Bi inkesta egin dituztela esan du kirol saileko zinegotzi Irune Ormaetxeak. Alde batetik, lurreko kirol ekintzen asetasun maila ezagutu gura izan dute, eta 144 erabiltzailek bete dute inkesta. Horien batez besteko gogobetetze maila 8,82 puntukoa izan da, iazkoa baino hobeagoa (iaz 8,20 puntu). Beste alde batetik, uretako kirol ekintzetako erabiltzaileak ere kontuan izan dituzte, eta 86 erabiltzaileren artean egin da. Horien gogobetetze maila 7,68 puntukoa izan da, iazkoagaz alderatuta, zertxobait jaitsi da (iaz, 7,84 puntu).
Monitoreen lana hoberen
Lurreko kirol ekintzetan puntuazioa 6,41etik gorakoa izan da; 9,36 izan da altuena, monitoreen gaitasun profesionalari emandakoa; eta baxuena kirol guneak (tenperatura, antolamendua, akustika) jaso du: 6,41.
Uretako kirol ekintzen inkestan, berriz, 6,89tik gorakoak izan dira puntuazioak. Baxuena kirol gunearentzat izan da, 6,89 punturekin, eta monitoreen gaitasun profesionala izan da erabiltzaileek gehien baloratu dutena, 8,69 puntugaz. Lortutako datuak «oso onak» direla dio Ormaetxeak, hala ere, kirolarien asebetetze maila mantentzeko edo hobetzeko lanean jarraituko dutela gaineratu du.