Foruko Udalak 36ko gerran fusilatu zituzten herritarrak omenduko ditu
'Euzkadiko Gudarostea eta Molaren erasoaldia' hitzaldia emango du gaur Aitor Miñambresek. 'Azken batailoia' erakusketa jarri dute ikusgai udaletxean zapatura arte, 10:00etatik 14:00etaraMemoria historikoa bizirik mantendu asmoz, Foruko Udalak hainbat ...
‘Euzkadiko Gudarostea eta Molaren erasoaldia’ hitzaldia emango du gaur Aitor Miñambresek. ‘Azken batailoia’ erakusketa jarri dute ikusgai udaletxean zapatura arte, 10:00etatik 14:00etara
Memoria historikoa bizirik mantendu asmoz, Foruko Udalak hainbat jarduera egingo ditu datozen egunetan. Hala, 1936ko gerran fusilatutako herritarrak omenduko ditu, besteak beste.Zapatuan izango da omenaldia, 11:30ean, udaletxe aurrean, eta Foruko herriak Jose Basterretxea, Santiago Pinaga eta Serapio Urrutxua foruarrak izango ditu gogoan.
«Gure herrian bizi izandakoa gogoratu gura dugu, belaunaldi berriek ere gure historia ezagutu behar dutelako eta memoria kolektiboa bizirik mantendu ahal izateko», azaldu du Mikel Magunazelaia Foruko zinegotziak.
Garai hartako momentu gogorrak bizi izan zituzten herritarren memoria berreskuratu gura dute, Magunazelaiak dioenez, ez ahazteko, aldarrikatzeko eta omenaldia egiteko modu bat delako. «Gure herriko idealak defendatu zituztenak balioan jartzea ezinbestekoa da, gerra garaian pairatutako gogorkeriaz ohartzea eta momentu gogor horietatik ikastea, berriro ez errepikatzeko».
Hala, egun hauetan, Mauro Sarabia argazkilari txiletarraren Azken batailoia erakusketa bisitatzeko aukera dago Foruko udaletxean. Datorren zapatura arte egongo da ikusgai, 10:00etatik 14:00etara.
Gudari baten testigantza
Halaber, gaur arratsaldean Euzkadiko Gudarostea eta Molaren erasoaldia izeneko hitzaldia emango du Aitor Miñambres Burdin Hesiaren Oroimen Museoko zuzendariak. Udaletxean izango da berbaldia, 19:00etan.
Gaurko hitzaldian, San Andres batailoiko gudaria izan zen Jose Morenok ere parte hartuko du, eta hitzaldira bertaratzen diren forutarrek testigantzak emateko aukera izango dutela jakinarazi dute.