Jaurlaritzak Urdaibaiko EKPG aldatzeko izapideak hasteko agindua sinatu du
Biosfera erreserbaren kudeaketa orekatuari bide eman nahi dio Jaurlaritzak. Komunitate zientifikoko eragile guztien parte hartzea bermatzeko bideak jarriko dituela esan duEusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñ...
Biosfera erreserbaren kudeaketa orekatuari bide eman nahi dio Jaurlaritzak. Komunitate zientifikoko eragile guztien parte hartzea bermatzeko bideak jarriko dituela esan du
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak barikuan sinatu zuen Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Plan Gidaria (EKPG) aldatzeko izapideak hasteko agindua. Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari egin zion plana aldatzeko eskaera. Urdaibaiko Patronatuaren ikuspuntua jaso ostean erabaki du Arriolak prozedura hastea.Barikuan egin zuten bilera, eta EAJk erakutsi zuen jarrera salatu du EH Bilduk. Esan duenez, ekainaren 22an Legebiltzarrean EKPG aldatzearen aldeko botoa eman ostean, EAJk barikuan esan zuen 2016an onartu zen planak jarraitu beharko lukeela indarrean. EH Bilduren esanetan, «Legebiltzarrean bozkatu zuena atzera botatzen saiatu da Urdaibain, baina, zorionez, ahalegin horretan bakarrik geratu da». Hori dela eta, Mikel Otero legebiltzarkideak jeltzaleen «joko bikoitza» salatu du: «Agerian utzi dute beraien kezka nagusia ez dela Urdaibai eta ingurumena babestea, baizik eta operazio urbanistikoak ez oztopatzea. Ez dute plana aldatu nahi, horrek hainbat negozio bertan behera uztea ekarriko duelako».
Patronatuak laguntza osoa eskaini dio Jaurlaritzari.
EKPGren aldaketa denbora epe mugatu batean egingo dutela esan du Ingurumen Sailak, eta ahalik-eta zorroztasun juridiko-tekniko handienagaz egingo dutela. Hala, Legebiltzarrak adostutako akordioak jasotzen dituen baldintza guztiak kontuan hartuko ditu Jaurlaritzak planaren aldaketa egiteko. Besteak beste, komunitate zientifikoko eragile denen parte hartzea bermatzeko bideak jarri eta ingurumen, gizarte, ekonomia eta kultura irizpiderik onenak ezarriko ditu, iraunkorra eta sozialki berdintasunean oinarrituta egongo den garapena bermatzeko. Finean, biosfera erreserbaren kudeaketa orekatuari bide eman nahi dio Jaurlaritzak.
Halaber, Ingurumen Sailak esan du plana aldatzeko ahalik eta adostasun handiena lortzea duela helburu. Patronatuan ordezkaritza duten eskualdeko erakunde eta eragile guztien artean erreserbari kudeaketa tresna egokia ematea da asmoa, ingurumenaren babes egokia eta eskualde osoaren garapen iraunkorra elkartuko dituena, udal autonomia errespetatuz, jarduera ekonomikoa dinamizatu eta erreserbaren aberastasun naturala sustatzen den bitartean.