A Coruñako banderagaz eta lidertza sendotuta itzuli da Urdaibai
Itsasoaren egoerak asko baldintzatu du Galiziako estropaden nondik norakoa. Lea-Artibaiko neskek bederatzigarren egin dute asteburuko bi estropadetanA Coruñako bandera irabazita eta TKEko lidertzan sendotuta itzuli dira Urdaibaiko mutilak asteburuan G...
Itsasoaren egoerak asko baldintzatu du Galiziako estropaden nondik norakoa. Lea-Artibaiko neskek bederatzigarren egin dute asteburuko bi estropadetan
A Coruñako bandera irabazita eta TKEko lidertzan sendotuta itzuli dira Urdaibaiko mutilak asteburuan Galizian jokatutako estropadetatik.67 puntu ditu talde bermeotarrak, eta 63 puntugaz, bigarren dago Hondarribia. Orio sailkapeneko hirugarrenak 59 puntu ditu, eta Kaiku da laugarrena, 46 puntugaz. Zapatuan lehia bizia egon zen Bou Bizkaia eta Ama Guadalupekoa-ren artean. Domekako X. Bandeira Concello de Ares estropadan, berriz, Urdaibai bigarren sailkatu zen, Zierbenaren atzetik.
Zapatuan eta domekan, Ondarroa zegoen bigarren txandakoak izan ziren kaltetuenak. A Coruñan 8. sailkatu ziren Iriondoren mutilak, 23 minutu eta 27 segundoko denboragaz, eta domekan, Aresen, berriz, bederatzigarren, 20:23 minutuko denboragaz. Sailkapen orokorrean 7. sailkatuak dira ondarrutarrak, 33 puntugaz.
KAE 1 eta KAE 2 ligetan estropada bana jokatu dute asteburuan, biak zapatuan. KAE 1ekoak Orion aritu ziren, erlojuaren kontra, X. Bixigu Eguna banderan. Lekittarra-k 6. postua lortu zuen, 20 minutu eta 13 segundo eginda, eta gaur gaurkoz, laugarren sailkatua da, 59 puntugaz. Santurtzi izan zen azkarrena.
KAE 2koak, berriz, Sestaoko uretan lehiatu ziren. Elantxobe laugarren sailkatu zen, 20 minutu eta 33 segundoko denboragaz. Mutriku Arraun Taldea, berriz, zazpigarrena izan zen; 20:50 minutu behar izan zituen. Haiek baino postu bat atzerago sailkatu zen Bermeo-Mundaka, mutrikuarrek baino 6 segundo gehiago behar izan zituzten estropada burutzeko. Sailkapen orokorrean Bermeo-Mundaka zortzigarren postuan dago, 9,57 puntugaz. Postu bat atzerago dago Elantxobe, 9,27 puntugaz. 12. postuan dago, berriz, Mutriku Arraun Taldea, 8 puntugaz.
Lea-Artibai
Lea-Artibai Arraun Taldeko neskak bederatzigarren postuan sailkatu ziren zapatuan Orion eta domekan Castron (Kantabria) jokatutako estropadetan. Orioko errekan 12 minutu eta segundo bat behar izan zituzten, eta Castron, ostera, 12 minutu eta 18 segundo. Sailkapen orokorrean ere bederatzigarren postuan daude.