67 puntu ditu talde bermeotarrak, eta atzetik 63 puntugaz dago Hondarribia. Orio sailkapeneko hirugarrenak 59 puntu ditu, eta Kaiku da laugarrena, 46 puntugaz.
Zapatuan lehia bizia egon zen Bou Bizkaia eta Ama Guadalupekoaren artean.
Atzoko X. Bandeira Concello de Ares estropadan, berriz,
Urdaibai bigarren sailkatu zen, Zierbenaren atzetik.
Joseba Fernandezen mutilek
22:07.12 markagaz lortu zuten garaipena zapatu arratsaldean, eta hamalau ehunenera sailkatu ziren hondarribitarrak. Hain zuzen, epaileek
bideo-finisha kontsultatu behar izan zuten garaipena zeini eman erabakitzeko. Iazko hainbat estropadetan legez, “lehia zirraragarria” izan zen gipuzkoarren eta bizkaitarren artean.
Urdaibaiko arraunlariak zapatuko garaipena ospatzen.
Argazkia: Eusko Label Liga.
Bigarren txandan, berriz,
Tiranen eta San Juanen artean egon zen
lehia; estropadaren azken luzera arte galiziarrek ezin izan zituzten pasaitarrak atzean utzi. 22:44.98 denboran amaitu zuen txanda Tiranek, eta 22.55.12 markatu zuen San Juanek. Hain zuzen tarte ederra atera zieten txandako beste biei. 23:20.60 denboragaz hirugarren sartu zen San Pedro, eta Ondarroak 23:27.34 markatu zuen.
Bestalde, Astillero izan zen lehenengo txandako azkarrena (23:47.22).
Astillero eta Cabo zigortu zituzten epaileek. Kantabriako traineruak 3 segundoko zigorra jaso zuen, ez zegokion kalean sartzeko bi abisugatik. Galiziarra, ostera, estropadatik kanporatu zuten Zierbena abordatzeagatik.
Zierbenaren garaipena
Atzoko estropadan ezustekoa eman zuen Zierbenak. Historia eginez, Eusko Label Ligan lehenengo bandera lortu zuen.
Lehenengo txandaren hasieratik bukaeraraino nagusi izan ziren Zierbenako arraunlariak;
19:44.32 marka lortu zuten, eta hurrengo bi txandetako traineruek ez zuten lortu haien denbora hobetzea. Zierbenak alde nabarmena atera zien txandako beste hirurei. Cabo bigarrenak, esate baterako, 20:03.84 amaitu zuen.
Urdaibai 19:48.20 denboragaz nagusitu zen ohorezko txandan, eta Hondarribiak 20:02.56 markatu zuen estropada amaieran. Bou Bizkaia sendoa ikusi zen Areseko uretan, estropada osoan zehar atzetik izan baitzituen beste hirurak. Baina, bermeotarren sendotasuna ez zen nahikoa izan estropada irabazteko.
Bou Bizkaiako arraunlariak atzoko estropadan.
Argazkia. Eusko Label Liga.
Asteburu honetan Kantabrian eta Gipuzkoan
Eusko Label Ligaren zazpigarren eta zortzigarren jardunaldiak Kantabriako eta Gipuzkoako uretan lehiatuko dituzte asteburuan. Hain zuzen ere, zapatuan V. CaixaBank Bandera hartuko du
Santanderrek. Domeka eguerdian, ostera, Adegi Bandera izango dute jokoan,
Pasaian.