Herri galdeketa egiteko gutxieneko sinadurak lortu ditu Elantxobeko Gure Esku Dagok
%15a lortu arren, sinadurak batzen jarraituko dute. Azaldu dutenez, etxerik etxe informazioa ematen eta sinadurak jasotzen ibiliko dira.
Atzo Elantxoben Karmen eguna ospatzen zutela aprobetxatuz, lehenengo sinadura bilketa egin zuten Elantxobeko Gure Esku Dago taldeko (Makuesok Elkartea) ordezkariek. Sinadura bilketa prozesua hasi baino ez eta azaroaren 5ean galdeketa egiteko beharrezkoa den kopurua lortu dutelako oso pozik daude. “Elantxobetarrok A5ean bozktuko dugula bermatu dugu; balantze positiboa egin dugu, eta ilusioz beteta gaude”.
Jai giroan elkartu ziren atzo Arrantzaleen Kofradiaren parean. Herritarrek sinatzen zuten bitartean, umeentzako tailerrak, trikitilariak eta bestelako ekimenak egin zituzten. Halaber, GEDren kamisetan eskuratzeko aukera izan zuten bizilagunek. 15:30ean talde argazkia atera zuten.
Herri bazkaria uztailaren 31an
Bestalde, San Inazio egunerako [uztailak 31] herri bazkari antolatu dute. Bazkarirako izena emateko azken eguna uztailaren 25a da [martitzena], eta herriko tabernetan daude apuntatzeko zerrendak. Nagusiek 10 euro ordaindu behar dituzte, eta umeek, berriz, 5 euro.
Herri bazkaria girotzeko triki-poteoa, sinadura bilketa, umeentzako tailerrak eta kantupostrea egingo dituzte.
Aurrerantzean ere herritarren artean informazioa ematen, sinadurak batzen eta ekimenak antolatzen jarraituko dutela jakitera eman dute.
(Argazkiak: Elantxobeko Gure Esku Dago taldea (Makuesok Elkartea)