Spookypheria Productions Elkarteak antolatutako Gorefest jaialdiak Nestor Basterretxea aretoa bete zuen bariku iluntzean, beste behin ere. Sarrera guztiak saldu zituztela azaldu dute antolatzaileek.
Spookypheriak antolatzen duen Halloween Metal Festak, aurten, 10. urteurrena beteko duela eta, Gorefest jaialdiak beldurra eta heavy metala uztartu ditu aurten. Hala, lau zonbi heavy beldurgarri ibili ziren Lameratik, Portuzarretik eta Erriberatik. Musika heavya zabaltzen ibili ziren, eta ume eta gazteekin zenbait joko egin zituzten, heavy metal talde klasikoen CDak oparituta.
Aurtengo kale animazioa ohikoa baino luzeagoa izan dela adierazi dute, «19:00etatik 22:00etara ibili ziren herria girotzen zonbi heavyak».
Animazioagaz «arduratuta». Kale animazioagaz Gorefest jaialdiaren kutsua kalera atera gura dute, «jaialdia herrira zabaldu amoz». Hala ere, antolatzaileak «arduratuta» daudela iragarri dute: «Aktoreen lana oztopatzen duten gero eta ume eta gazte gehiago daude herrian. Listua botatzen ibiltzen dira, bai eta beste edozein objektu ere. Aurten, iruzkin sexistak ere entzun behar izan dituzte aktoreek. Spookypheria Productions Elkartekoek arazo larritzat daukagu».
Arazo larri hori alde batera utzita, gainontzekoarekin «pozik» agertu dira antolatzaileak, «jaialdiak bere lekua baduelako dagoeneko».
Kale animazioaren argazki galeria: