Bariku gaueko borroka nagusia izan zen Andoni Dominguez eta Daniel Labroerren artekoa. Etxeko boxeolariak zutik jarri zuen frontoian bildutako publikoa.
Bermeotarrak gozatu egin zuen
ring-ean eta zaleak gozarazi zituen. Lehenengo
round-a amaitzear zegoela erori egin zen, baina beste bietan
nagusitasunez borrokatu zen.
74 kiloko boxeolarietan ohikoa ez den mugikortasunagaz eta konbinazio azkarrak erakutsi zituen
ring-ean. Aurkariak baina ez zion borroka erraztu; boxeo “ortodoxoa” erakutsi zuen hark. Kontraerasoko eskuineko ukabilkadagaz Dominguez lurrera bota zuen lehen borrokaldian, baina beste bietan ezer gutxi egin ahal izan zuen etxeko boxeolariaren kontra.
Zaleen txalo eta oihu artean jaitsi zen Dominguez
ring-etik, eta herritarren besarkadak jaso zituen.
Dominguez garaipena ospatzen.
Argazkia: EuskoBox.
Artzan batutako zaleek
boxeo olinpikoko hainbat borrokaz gozatzeko aukera izan zuten bariku gauean. Bilboko Fabricio Meneses eta Burgoseko Adrian Luzarragaren arteko borroka izan zen jaialdiko azken-aurrekoa. Norgehiagoka ederra eskaini zuten, “boxeo asko eta alternatibekin”; amaieran, epaileak Luzarraga burgostarrari eman zion garaipena. Elite mailako beste borrokan, 67,5 kilotan, Luis Gonzalez getxoztarra eta Ivan Vigo gasteiztarra aritu ziren nor baino nor gehiago, eta Gonzalezek irabazi zuen.
Bestalde, junior mailako bi borrokaldiak ere ikusgarriak izan ziren. 51 kiloko Getxoko Antony Guzman eta Burgoseko Endika Gomez boxeolarien arteko norgehiagokagaz hasi zen boxeo ikuskizuna, eta getxoztarrarentzat izan zen garaipena. Jarraian, 63 kilotan, berriz, Ander Blanco getxoztarrak mendean hartu zuen Michael Marulanda bilbotarra.
Hala, gazte kategoriako Getxoko Leo de la Cruz eta Miranda de Ebroko Osama El-Haddi boxeolarien arteko borroka epaileak bertan behera utzi behar izan zuen, de la Cruz lesionatu zelako.