Bizkor izan da Gorbeia arrazako onena. Orozkoko
artzainak bosgarren urtez parte hartu du txapelketan, eta azaldu duenez, iaz klase irekian nagusitzea lortu zuen.
Eusebio Bengoetxea aulestiarra eta Luky txakurra ardiekin egindako probako onenak izan dira.
Luky eta Mendi txakurrekin joan da Busturiko Axpe auzoan egin duten Euskal Artzain Txakurraren Erakusketara.
Mendi Gorbeiako txakurren artean bigarren sailkatu da. Aulestiko artzainak txapelketa lehiatu duten
24 urteetan parte hartu du. “Sei txapel lortu ditut aurrekoetan, eta gaurkoa zazpigarrena da”. Urtez urte txakur gutxiago egon arren, kalitate aldetik hobeak direla nabarmendu du: “Lehenengo urtean 140 txakur egon ziren, eta gaur 45 inguru, baina kalitate askoz hobekoak”.
Iletsuen kategorian Juan Maiza eta
Pardarri Indar txakurra nagusitu dira. Baina, sari banaketa ekitaldia egin aurretik joan behar izan dutenez ezin izan dute txapela jantzi.
Bestalde,
Ilarduiako Leze baserriko Jose Mari Jauregik ardiekin egindako lanagatik eta edertasunagatik lortu du saria,
Leze txakurragaz.
Leze eta haren loba
Negugaz joan da Busturira. Artzain arabarrak ere esperientzia du txapelketan: “20 urtetik gora daramatzat parte hartzen, eta
Lezerekin irabazi dudan seigarren urtea da. Ia denok elkar ezagutzen dugu”.
Euskal Artzain Txakurraren erakusketa monografikoa 10:00ak aldera hasi da, erregistro berriekin. Hain zuzen, 46 parte hartzailek izena eman dute, eta horietatik 16 izan dira berriak. Horiek albaitarien azterketa pasatu dute.
Eguerdian, ohitura legez,
ikurriña jaso eta Irrintzi Alai dantza taldekoek agurra dantzatu dute. Horrekin batera, herriko gudarien aldeko monolitoan lore eskaintza egin dute.
Jarraian, edertasun proba eta ardiekin gaitasun proba egin dituzte. Azken horretan, esate baterako, lau artzainek parte hartu dute.