Backyard jaialdia ospatzen ari dira Muxikan. Muxika, Gernika-Lumo, Bilbo, Donostia eta Bergarako talde edo banakakoen doinuak entzungai daude gaurko
musika elektronikoaren topaketan.
Phonix-en musikagaz hasi da jaialdia, 13:00ak aldera. Gero, KSPR, Balza eta Alfred Adler-en txanda izan da. Kino Internacionalek eta Les Alsborregach-ek izango dute iluntzea girotzeko ardura, eta gauean, berriz, KSPR eta Ope Loeb-en musikagaz borobilduko dute topaketa.
Erdu Gazte Asanbladako kideek lehenengoz antolatu dute jaialdia, eta musika elektronikoaz gozatzeko aukera eskaintzeagaz batera, artisau azoka eta ume zein helduentzako jolasak prestatu dituzte.
Hain zuzen,
Kreartbiz, Bizkaiko Artisau Sortzaileen Elkarteko kideen erakusmahaiak daude. Bilboko Buia zeramika tailerrean egindako lanak, Erandiko Alex Redondo Joyas-en zilarrezko bitxiak, Sopuertako Aretxederraren larruzko produktuak, Gabrec bermeotarraren arropak eta Langarte kantabriarraren Batik teknikagaz (argizaria eta tinta uztartzen dituen teknika) egindako askotariko produktuak ikusi eta erosteko aukera dago Eleizalde auzoan. Bertako artisauek azaldu dutenez, orain dela bi urte sortu zuten elkartea eta gaurkoa dute haien lehenengo azoka.
Bestalde,
food truck bi ipini dituzte zelaian. Getxoko Thate Streetfood-eko kideen eskutik, hoot dog-ak eta Elizondotik etorritako gozogilearen krepe ekologikoak dastatu daitezke musika elektronikoen erritmo artean dantzatu bitartean.