Martxa luzea 136 partaidek egin dute, eta
laburrean, berriz,
162 pertsona egon dira.
08:30 aldera irten dira Eleizaldetik ibilbide luzeena egitera. Hain zuzen,
23 kilometroko martxa burutu dute udalerriko txokoetatik. Besteak beste, Kaltzako, San Lorentzo Baseliza, Lizenda, Arrola, Aurtiñerrota, Omako Baso Margotua eta San Mames baselizatik pasatu dira. Ibilaldian zehar jan-edanik ez dute falta izan; antolatzaileek Arrolan ipinitako hornidura gunean egin dute geldialditxoa.
Martxa luzea amaitzen lehenengoa Iker Ansotegi izan da; bi ordu eta 21 minututan burutu du 23 kilometroko ibilbidea.
Martxa luzean parte hartu dutenak martxa hasi aurretik.
Ibilaldi laburra, berriz,
10 kilometrokoa izan da, eta partaideak 10:30ean abiatu dira Eleizalde auzotik. Enderika auzora joan, eta handik Kaltzakora heldu dira. Gero, Elorrixa eta San Lorentzo ermita artean izan dute hornidura gunea. Indarberritu ostean, San Lorentzo baseliza, Ugalde, Arteta, Terlegiz, eta Landeta zeharkatu dituzte Eleizaldera heldu aurretik.
Jai giroa
100 pertsona inguru batu dira herri bazkarian. Aurten hainbat berrikuntza izan dituzte mendi martxan. Izan ere, kirola eta jai giroak bat egin dute.
Goiz erditik bazkalordura arte,
Kortezubiko produktuen eta artisauen azoka egon da plazan. Martxetan parte hartu dutenek zein Eleizalde auzora hurbildu diren herritarrek askotariko produktuak erosi eta dastatzeko aukera eduki dute.
Halaber, eguerdian
Eingo taldearen doinuek girotu dute plaza, eta bazkalostean ere musikarik ez da falta izan.