Foruak 36ko Gerran fusilatu zituzten herritarrak omenduko ditu
Memoria historikoa bizirik mantendu asmoz, Foruko Udalak hainbat jarduera egingo ditu datozen egunetan. Hala, 36ko Gerran fusilatutako herritarrak omenduko ditu, besteak beste. “Gure herrian bizi izandakoa gogoratu gura dugu, belaunaldi berriek ere gure historia ezagutu behar dutelako eta memoria kolektiboa bizzirik mantendu ahal izateko”, azaldu du Mikel Magunazelaia Foruko zinegotziak. Garai hartako momentu gogorrak bizi izan zituzten herritarren memeoria berreskuratu gura dituzte, Magunazelaiak dioenez, ez ahanzteko, aldarikatzeko eta omenaldia egiteko modu bat delako. “Gure herriko idealak defendatu zituztenak balioan jartzea ezinbestekoa da, gerra garaian pairatutako gogorkeriaz ohartzea eta momentu gogor horietatik ikastea, berriro ez errepikatzeko”, esan du.
Hala, egun hauetan, Mauro Saravia argazkilari txiletarraren Azken batailoia erakusketa hartuko du Foruko Udalak. Uztailaren 22ra bitartean egongo da ikusgai, 10:00etatik 14:00etara.
Halaber, uztailaren 19an Euzkadiko Gudarostea eta Molaren erasoaldia izeneko hitzaldia emango du Aitor Miñambres Burdin Hesiaren Oroimen Museoko zuendariak. Udaletxean izango da berbaldia, 19:00etan. Bertan, San Andres batailoiko gudaria izan zen Jose Morenok ere parte hartuko du, eta hitzaldira doazen forutarrek testigantzak emateko aukera izango dutela jakinarazi dute.
Uztailaren 22an, zapatuz, Foruko herriak 36ko Gerran fusilatu zituzten Juan Jose Basterretxea, Santiago Pinaga eta Serapio Urrutxua foruarrak izango ditu gogoan, omenaldia eginez. 11:30ean izango da ekitaldia, udaletxe aurrean.