Goñik eta Jauregik irabazi dute Txipiroi Extreme mendi trail lasterketa
95 korrikalarik lehiatu dute Urdaibai Koparen laugarren proba. Mendi bizikleta lasterketan, ostera, 136 txirrindularik parte hartu dute, eta Alexander Orbañana izan da azkarrenaTxipiroi Extreme proba izan zen zapatuan. Aurreko bi urteetan moduan, aurt...
95 korrikalarik lehiatu dute Urdaibai Koparen laugarren proba. Mendi bizikleta lasterketan, ostera, 136 txirrindularik parte hartu dute, eta Alexander Orbañana izan da azkarrena
Txipiroi Extreme proba izan zen zapatuan. Aurreko bi urteetan moduan, aurten ere mendi bizikleta lasterketagaz batera, mendi trail lasterketa lehiatu zuten. Hain zuzen, Begi Handi taldekoek zazpigarren urtez antolatu dute BTT martxa, eta mendi trail lasterketa lehiatzen duten hirugarren urtea izan da.Urdaibai Koparen laugarren proba izan zen zapatukoa, eta Imanol Goñik eta Amaia Jauregik irabazi zuten.
Goñi eta Joanes Goitisolo eskutik helduta helmugaratu ziren. Natxituarrak 1:34.32 denboran burutu zuen mendi trail lasterketa. Goitisolo segundo bate- ra sartu zen, eta Aitor Uriarte (1:39.45) izan zen hirugarrena.
Jauregik 2:10.25 markatu zuen helmugan. Haren atzetik, Ohiane Orue (2:13.40) eta Ainara Olabarrieta (2:21.48) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
95 pertsonak lehiatu zuten mendi traila, eta BTT martxan, ostera, 136 txirrindularik parte hartu zuten. Horietan Alexander Orbañana galdakaoztarra izan zen azkarrena, 2:44.48ko markagaz. Antolatzaileek azaldu dutenez, txirrindulari profesional izandakoak iaz Eako mendi duatloian parte hartu zuen, eta ibilbidea gustatu, eta aurtengo BTT martxan parte hartzea erabaki zuen.
Mendi bizikleta probaren sailkapenari dagokionez, Orbañanarengandik bi minutura heldu zen Iker Avellanal muskiztarra, eta Alexander Uriarte gernikarra helmugaratu zen hirugarren postuan (2:50.32).
Bizikleta proba ez da lehiakorra, eta aurrez izena eman zutenen artean askotariko kirol materiala zozkatu zuten antolatzaileek.
Era berean, auzolanean aritu ziren herritarren artean bizikleta bat zozkatu zuten.
Izan ere, Begi Handi taldeko kideek proba antolatzeko urtero edukitzen duten laguntza nabarmendu eta eskertu dute: «Aurten, gainera, jende berria izan dugu laguntzen, eta horrek indarra ematen digu. Balantzea oso positiboa da; jende asko egon zen, izugarrizko giroa izan genuen, eta oso pozik gaude».
Txipiroi Txiki
Bestalde, arratsaldeko ume eta gaztetxoen Txipiroi Txiki lasteketan inoizko parte hartzerik handiena izan zuten. 67 partaide egon ziren, eta ondorioz, adinaren arabera hiru ibilbide egin zituzten: txikia, ertaina eta luzea.