Artea eta irudia izango dituzte oinarri aurtengo Eako Poesia Egunek
Marrazkia azalean, azala hitzetan lelopean, 46 sortzaile bilduko dituzte. Uztailaren 14tik 16ra bitartean, poesia, musika eta dantza uztartuko dituen egitarau zabala egongo da aukeranUztailaren 14tik 16ra, Poesia Egunak hartuko ditu Eak, eta aurrekoeta...
Marrazkia azalean, azala hitzetan lelopean, 46 sortzaile bilduko dituzte. Uztailaren 14tik 16ra bitartean, poesia, musika eta dantza uztartuko dituen egitarau zabala egongo da aukeran
Uztailaren 14tik 16ra, Poesia Egunak hartuko ditu Eak, eta aurrekoetan modura, «formatu txikian eta intimotasunean» iritsiko dira. Marrazkia azalean, azala hitzetan lelopean, hamaika kultur jarduera izango dira aukeran, 46 sortzaileren eskutik.Jaialdiaren oinarria poesia bada ere, dantzez, musikaz, irudiez eta bestelakoez lagunduta eskainiko dute. Mikel Martinezek eta Irati Agirreazkuenagak zabalduko dute kulturarako tartea barikuan. Dario Fo eta Franca Rame izango dituzte gogoan, irakurraldi dramatizatuaren eta bakarrizketa antzeztuaren bitartez antzerkigile horien testuak taula gainera eramanda.
Ostean, irakurketarako tartea hartuko dute, eta Martinezek Gabriel Arestiren Oskorri gaitz konposizioaren hitzak irakurriko ditu. Poeta bere garaian bezala, Gernikako bonbardaketaz ariko da, Erori da, erori da Gernika libre hura! izenburupean.
Poesia Egunetan ezin poemarik falta. Joseba Sarrionandiaren hitzak izango dira barikuan Ean entzungo direnak, galegoz, Isaac Xubin idazle eta itzultzaile galiziarraren eskutik. Errime taldea izango da barikuko egitaraua borobilduko duena, eta beraien musika entzun ahalko dute Eskolapera bertaratzen direnak.
Zapatua giro lasaiagoan hasiko dute. Xabier Gantzarainek hartuko du hitza, Egunak ihesi doaz basazaldiak bezala mendiez gaindi hitzaldian. Baina ez da izango hitzaldi bakarra, domeka goizean Ismael Manterola arte irakasleak Artea literaturaren kontra berbaldia eskainiko baitu. Errezitaldiak ere bi izango dira asteburuan: bata Xubinena, eta bestea Uxue Alberdirena: Alfonsina eta itsasoa. Iñaki Zabaletaren musikak eta Txakur Gorria kolektiboen irudiek lagunduko dute errezitaldia.
Herri bazkariak
Zapatu eta domeka eguerdian, aldiz, herri bazkarian elkartzeko aukera ere emango dute Poesia Egunek; Bedaronan batuko dira lehenengo egunean, eta Natxituko bolatokian bigarrenean.
Musika ere ez da faltako zapatuan, Inun taldearen eta Amaiur B. Blascoren eskutik. Ondoren, Anticontinente taldea igoko da agertokira. Inun Da nola izeneko bigarren diskoagaz dator Eara, eta Amaiur B. Blascok bere lehen poesia liburuko (Egunsentia) poemak abestuko ditu. Anticontinente taldeko mutilek, berriz, soinu garbi eta akustikoa proposatuko dute.
Ikuskizunek ere izango dute tokia. Asier Zabaleta koreografoaren dantza garaikideak bat egingo du Harkaitz Cano idazlearen testuekin, Hariak ikuskizunean. Horretarako, Ertza konpainiako kideak igoko dira taula gainera.
Azken egunean ikuskizun bi izango dira: batetik, Estepan Urkiaga Lauaxeta eta Federico Garcia Lorca idazleen testuak errezitatuko dituzte Jon Maia bertsolariak eta Ana Salazar aktore eta abeslariak, Gorka Hermosa soinu jotzailearen, Jesus Prieto Pitti gitarra jotzailearen eta Josu Maroto ilustratzailearen laguntzagaz.
Antzezlanagaz hasitakoa ikuskizunagaz bukatuko da. Yolanda Arrieta, Leire Bilbao eta Ana Urkiza idazleek beraien poemak errezitatuko dituzte domekan, Pello Ramirez musikariaren eta Sahatsa Ramirez dantzariaren laguntzagaz. Bitartean, Ainara Azpiazu ilustratzaileak zuzeneko irudiak egingo ditu. Hala, Aho bete amets: haurrak, poesia eta gu saioak itxiko ditu aurtengo Poesia Egunak.