Arrano arrantzalearen 12 txita gehiago haziko dira Urdaibain
2013. urtean martxan jarri zuten berreskuratze-programari esker, arrano arrantzalearen hamabi txita gehiago haziko dira Urdaibain. Eskoziatik ekarritako hegazti horiek bi hilabete inguru igaroko dituzte bertoko ingurunean.
Azken lau urteotan 48 txita ekarri dituzte Urdaibaira, izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua «arrano arrantzalea Urdaibaiko Biosferaren Erreserban berriro bizi dadin lortzea da, eta, era berean, gure lurraldeko espezie ugaltzaile bilakatzea». Horregatik, aldundiak 274.000 euro inbertitu ditu Urdaibai BirdCenterrek koordinatzen duen arrano arrantzalea berreskuratzeko programan.
Azken hamabi ale horiekin, beraz, 60 dira orain arte berton hazitako arrano arrantzaleak, hain justu, «Bizkaian arrano arrantzalea berreskuratzea lortzeko beharrezkoa den kopurua».
Aldundiak argi dauka arrano arrantzalea espezie «berezia» dela; «hezeguneen egoera ebaluatzea ahalbidetzen du, eta, gainera, ezartzen zaizkion babes-neurriei esker, bizi den habitataren kontserbazioari mesede egiten dio». Halaber, espezie «erakargarria eta ezaguna» dela uste du foru erakundeak, eta baita «baliabide eraginkorra ingurumen-hezkuntza eta biodibertsitatearen kontserbazioaren gaineko sentsibilizazioa sustatzeko, eta aldi berean, ingurumenarekin errespetagarria den turismoa erakartzeko».
Hala, hamabi txita horiek irailaren bukaeran eta urriaren hasieran migrazio-bidaia hastea aurreikusten dute, Saharaz hegoaldeko Afrikarantz. Bertan, bi eta lau negu artean igarotzen dituztela jakitera eman du aldundiak, gerora, beraien lurraldera bueltatu, eta bertan bikote ugaltzaileak sortzekotan.
Ale helduen iritsiera. Urdaibaira, esaterako, hasi dira ailegatzen arrano arrantzaleak. 2015ean ailegatu ziren lehen ale helduak, eta iaz beste lau itzuli ziren. Aurten, ordea, 2013an eta 2014an askatutako zazpi ale heldu iritsi dira. Orain arte itzulitako arrano arrantzale danak arrak izan badira ere, lehenengo bikote ugaltzaileak datorren udan sortzea espero dute.