Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, hainbat izan dira goizean goiz Andaluziako tokiko arropak jantzita Pergolara bertaratu diren lagunak; Rocio Festan murgildatu daude gaur.
Lehenik eta behin, karpak jartzeko batu dira, eta ondo apaindu dituzte, gainera. Ondoren, ohi bezala, meza berezia egin dute. Coro Rocierok parte hartu du horretan. Txo Sevilla Taldearen gonbidapena onartuta, Bermeoko alkate Idurre Bideguren eta kultura zinegotzi Aingeru Astui ere egon dira Itsasoan Galdutakoen Lameran. Herritar asko ere hurbildu dira meza berezia ikustera.
Anaitasun bazkarian batuta daude orain. Laster, tortilla lehiaketaren sari banaketa egingo dute. Zortzi tortilla aurkeztu dituzte lehiaketara. 18:30ean, Txo Sevillakoen dantza erakustaldiaz gozatzeko aukera ere edukiko dute bertaratutakoek.
Jai giroak, hala ere, gauerarte iraungo du Itsasoan Galdutakoen Lameran. Txokolate janaren ostean, Azahar eta Onda Futura talde flamenkoekin dantzaldia egingo baitute.
Hortaz, Andaluziako folklorea eta kultura gustuko duten horiek Pergolan dute horretaz gozatzeko aukera. Umeek ondo pasatzeko aukera ere badute puzgarri batean.