Eako Txipiroiko bi probetan 190 pertsonak izena eman dute
Bihar izena eman ahalko da
Internet bidezko izen ematea astelehenean itxi zuten; BTT?proban 117 pertsonak eman dute izena, eta mendi trailean 73 pertsonak.
Bihar 08:00etatik aurrera izena eman ahalko da. Mendi lasterketan 150 korrikalaritan ipini dute muga, eta mendi bizikleta lasterketan 180 txirrindularitan.
Aurten lehenengoz Urdaibai Koparako proba puntuagarria izango da mendi lasterketa; aipatu txapelketaren laugarren lasterketa da.
Ibilbideak
Korrikalariek 21 kilometroko ibilbibidea burutu beharko dute udalerrian zehar. Bi eraztun egingo dituzte, lehenengoa 14 kilometrokoa, eta bigarrena 7 kilometrokoa.
Mendi bizikleta probako ibilbidea 43 kilometrokoa da; lehenengo eraztuna 15 kilometrokoa da eta bigarrena 28 kilometrokoa.
Bi probak Eskolondon hasi eta amaituko dituzte; 09:00etan hasiko da mendi lasterketako partaideen lehia, eta 09:30ean ekingo diote BTT martxari.
Begi Handi taldeak Herri Bizi Bati Tiraka lemapean antolatu du proba, eta bizitasun horren adierazle izango da bihar Ean egongo den jai giroa. Halaber, proba egiteko duten herritarren laguntza nabarmendu eta eskertu dute. “Haien laguntzarik barik ezinezkoa izango litzateke proba antolatzea”.
17:30ean hasita, Pauso Txikiak guraso taldearen eskutik, Txipiroi Txiki egingo dute. Batetik, txikienak herrigunean zehar ariko dira pedalkada, eta bestetik, nagusiagoek hiruzpalatu kilometroko ibilbidea burutuko dute Urtubiaga burdinolarako bidetik.
Gauerako, berriz, Ietarock taldekoek kontzertuak antolatu dituzte. 22:00etatik aurrera, Vulture’s Fest eta Barrakuda taldeen musikaz gozatuko dute Eskolondoko arkupera bertaratzen direnek.