Kultur etxea arratsaldez ixteaz galdetu dio EH Bilduk EAJri
Uztaileko arratsaldeetan kultur etxea itxita egotearen arrazoia eta burutu dituzten obra batzuei buruzko azalpenak eskatu dizkio Lekeitioko EH Bilduk udal gobernuari. Atzo goizean idatzi bi aurkeztu zituzten udaletxean, gauzak argitzeko eskaria eginez....
Andoni Seijo Arrinda Lekeitioko EH Bilduko zinegotziak azaltzen duenez, kultur etxea uztaileko arratsaldeetan itxita egongo zenik ez dute jakin. «Ez gobernu batzordeak zuzenean esanda. Horren aurrean, erabaki hori zer dela eta, eta zein organotan hartu den jakin nahi dugu».
Era berean, erabaki horrek kultur zerbitzuan zelako eragina izango duen ere jakin nahi dute EH Bilduko zinegotziek. «Izan ere, ardura sortzen baitigu herritarrenganako zerbitzu murrizketa horrek».
Lanen diru iturria
Bestalde, udal gobernuak burututako lan ezberdinei buruz galdetu dio Idoia Sagastizabal Ogasun batzordeburuari Edriga Aranburu EH Bilduko ogasun batzordeko zinegotziak. «Burututako ekintza ezberdinen gastua eurotan, aurrekontuetako zein partidetatik egin diren eta 2017ko aurrekontuetan aurreikusitako kontzeptuak izan diren edo ez jakin nahi dugu».
Herriko eta elizapeko baranden pintaketari buruz, udaletxeko balkoian eta plaza inguruko kaleargietan jarri dituzten loren kostuaren gainean, herritarrek aparkatzeko lehentasuna daukaten guneetako seinalizazio eta pintaketari buruz, Ekaitzeko nesken traineruaren muralaz edo portuko zakarrontzien egurrezko itxieraz galdetu dio, besteak beste, Aranburuk ogasun batzordeburuari. Guztira, herrian gauzatu diren hamabi lanei buruz galdetu dio.