Aukera guztiak aztertu dituztela diote, baina
data egokirik ez dute ikusten. Hortaz, Bermeoko Jai Batzordeak eta Eleizalde ikastolak Andra Mari eta Santa Eufemia jaien baitako Sukalki Eguna ez egitea adostu dute.
Beitia, Astui eta Murua gaur emandako prentsaurrekoan
Zurrumurruak zeuden herrian, eta azalpenak eman gura izan dituzte. Horretarako, prentsaurrekoa eman dute gaur Eleizalde ikastolako Iñaki Beitiak eta Jose Muruagak eta Jai Batzordeko lehendakari Aingeru Astuik.
Argi utzi gura izan dute aurten egingo ez bada ere, ez dela egia datozen urteetan Eleizalde ikastolak ez duela Sukalki Eguna antolatuko, «herrian entzun den moduan».
Aurtengo jaietarako adostutako erabakia baino ez da.
Azaldu dutenez, aurten Andra Mari Eguna (irailak 8) barikua da, eta irailaren 9an, zapatuan, Arrantzale Eguna ospatzen da, «bermeotarren egun handia, goizetik hasi eta nekatu arte ospatzen dena». Horregatik, irailaren 10ean, domekan, Arrantzale Egunaren ostean Sukalki Eguna ospatzea ez da bideragarria, «parte hartzea eskasa izango litzatekeelako». Bestalde, irailaren 16a Santa Eufemia eguna dela gogorarazi dute: «Baserritarren azoka eta abereen erakusketaz gain, Gazteluko jaiak ere badira. Gainera, arratsalde horretan, Bermeok Eusko Label ligaren estropada hartuko du, gauean Xixili erre orduko». Hortaz, Santa Eufemia eguna ere ez dute apropos ikusten Sukalki Eguna egiteko.
Astegun batean egitea ere aztertu izan dutela esan dute, baina parte hartzea eskasa izan daitekeela uste dute. Parte hartzea alde batera utzita, gainera, Sukalki Eguna antolatzeak ematen duen lana aipatu, eta 40 boluntariotik gora behar izaten dituztela nabarmendu dute. «Astegunetan jende askok lan egiten du, eta boluntarioak lortzea oso zaila izango litzateke», esan dute.
Era berean, Sukalki Eguna txapelketa bat baino askoz gehiago dela gogorarazi dute; familiak eta kuadrillak batzen dituen herriko jaien baitako egun bat da, «herritik sortua eta herrian sartua».
Datorren urteko parte hartzeari begira, aurten Sukalki Eguna ez antolatzeagatik herritarrek aurten hartutako erabakia «ez zigortzea» espero dute Eleizalde ikastolako ordezkariek.