Hibai Etxebarria. Akorde eta melodia batetik sortutako abestiak janzten dituena. Musika lengoaia bat bezala ulertzen duena. Estetika alde batera utzi, eta abesti politak egiten saiatzen dena. Hibai Etxebarria.
Horrelakoa da Gernika-Lumoko artista; dela hizkuntza batean edo bestean, dela estilo batean edo bestean, «kalitatezko musikaren aldeko apustua» egiten duena. Izena Hibai dauka, eta hala deituko da baita bere proiektu berria. Musika-beharrizan anitzek lekua izango duten espazioa eskainiko duen lana.
Orain arteko proiekturik «pertsonalena eta handinahikoena» dauka esku artean gernikarrak. Bere etxean eta bakardadean, abestiak idazten eta grabatzen jardun zuen 2016. urtea. Ingurukoei erakusteko eta horiekin elkarbanatzeko musika zen hasiera batean gernikarrak sortu nahi zuena, baina ingurukoen onarpen onak proiektua elkarbanatzera eraman du musikaria.
Joan den irailean eman zen, hain zuzen, kontzeptu aldaketa: Oiartzungo Meka estudiokoak berarekin harremanetan jarri zirenean. Dioenez, proiektuarekiko interes handia erakutsi zuten gipuzkoarrek. Hala, etxean grabatzekotan zen lana proiektu handi eta multidisziplinario bihurtu zen.
Eta orain, lan horren alde bat ezagutzeko aukera edukiko du herriak. Barikuan 20:30ean, Lizeo Antzokian dauka hitzordua Etxebarriagaz, eta beragaz batera antzokia girotzeaz arduratuko den kolektiboagaz.
Proiektuak 40 bat musikariren lana biltzen badu ere, barikuan zazpikotea izango da Lizeoko oholtza gainera igoko dena. Musikan eskarmentu handia daukan jendea izango da Lizeoko taula gainean, Euskal Herritik zein Espainiatik iritsitakoak. Hibai Etxebarriak jarriko dio ahotsa barikuko ekitaldiari, eta gitarra doinuekin lagunduko dio; Gotzon Ereñok ere azken behar horretan lagunduko dio gitarra eskuan duela, eta Ander Garcia baxuagaz eta kontrabaxuagaz ariko da. Carlos Sagik bateria joko du eta Iraide Ansorenak perkusioko instrumentuekin girotuko du antzokia. Henar Rodriguez pianoagaz eta klabierragaz lagunduko du eta Alfredo Varelak, berriz, saxofoiagaz eta zehar flautagaz.
Zazpikotearen aurretik, baina, Mallorcatik etorriko den abeslari baten musikagaz gozatzeko aukera izango da Lizeon. Desiree Duran izango da artista gonbidatua. Barikuko emanaldiak bi ordu inguruko iraupena edukiko du, gutxi gora behera.
Inprobisazioak ere lekua izango du barikuko emanaldian, taula gainekoen zein ikuslegoaren arabera, laburtu edo luzatzeko aukera egongo baita. Musikagaz solastuz, kontzertu bakar bihurtzen ditu Etxebarriak bere emanaldiak, eta oraingoan ere, hala izango delakoan da.
Barikukoa «berezia». «Emanaldi berezia» izango da barikukoa, eta bertara joateko gonbitea egin die herritarrei. Proiektu barriko abestiak zuzenean entzuteko lehen aukera izango da barikukoa.
Proiektu barri horren barruan, disko bat kaleratzeko asmoa dauka gernikarrak, azaro bueltan. 20 bat abesti grabatzen ari dira, eta horietatik zenbait aukeratu eta lehen diskoa kaleratzeko erabiliko ditu. Proiektuaren lehen fasea izango da hori, eta disko formatuan iritsiko da herritarren esku artera. «Asko landutako abestiak» entzun ahalko ditu herritarrak, orkestra sinfoniko oso bategaz grabatutakoak.
Diskoan, zortzi bat kanta. Zortzi bat abesti biltzeko asmoa dauka gernikarrak proiektu barri horren lehen lanean; erdiak euskaraz, eta beste erdiak ingelesez. Hizkuntzari, hala ere, ez dio garrantzi gehiegirik ematen Etxebarriak, «musika bera baita hizkuntza bat, lengoia bat». Hizkuntzarekiko oreka izango du diskoak, ez, ordea, estetikoa. Estetikatatik alde egin nahi duen proiektua den heinean, lehen diskoa oso heterogeneoa izango da, anitza.
Azken 20 urteetan musika sortzeko, grabatzeko eta kontsumitzeko prozesuak asko aldatu direla uste du gernikarrak, eta horri buruzko hausnarketa bat egitera gonbidatzen du bere azken lan horregaz. Ildo horretatik, azaldu du estudiora ez direla disko bat grabatzera sartu, baizik eta abestiak grabatzera.
Proiektuaren estiloa definitzea zaila egiten zaiola aitortu du Gernika-Lumoko musikariak; izan ere, edozein estilok dauka tokia Etxebarriaren proiektuan: jazzak, countryak, rock-ak, blues-ak… eta baita euskal folkloreak, musika sinfonikoak… Proiektuak testuinguru desberdinetara egokitzeko eta moldatzeko gaitasuna dauka, eta horretaz baliatuta, barikuan, jazz, rock eta countryari lotutako estiloa ekarriko dute Gernika-Lumora.