Hain zuzen ere, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz berbetan aritu ziren atzo arratsaldean Talan. Bizentaren Lumak solas-jolasa erabili zuten gazteek, genero berdintasunaren inguruko gogoeta egiteko. Bermeoko Udalak antolatu zuen ekimena Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean.
Gazteak Talan. Argazkia: Bermeoko Udala
Karta jolas bat da Bizentaren Lumak; gazteak neska eta mutilen ezberdintasun egoeraz jabetu, eta errealitate hori aldatzeko tresna da, hain zuzen. Gazteen artean emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko jarrerak indartzea dauka helburu.
Talara hurreratu ziren hiru kuadrillek hainbat istorio ezagutu zituzten. Istorioak irakurri eta aztertu ondoren, kuadrillek ezagututako egoera horiei aurre egiteko talde konpromisoak hartu zituzten.
Hartutako konpromisoak. Lehenengo taldearen parte hartzaile gehienak mutilak ziren, eta hurrengo herriko jaietan gona janzteko konpromisoa hartu zuten, «mota horretako egoerak normalizatze aldera».
Bigarren taldeak bere eta besteen jarrera matxistak salatzeko konpromisoa adierazi zuen, «errespetua, entzute aktiboa eta enpatia sustatuz». Modu horretan, jarrera matxisten aurrean eskua hartu eta jarrera hori duten pertsonei pentsatu eragin egingo dietela adierazi zuten.
Bestalde, sare sozialak kontrol tresna moduan erabiltzeak indarkeria mota berriak sortu dituztela gogorazita, jolasean parte hartu zuen hirugarren taldeak, sare sozialen erabilera egokia (menpekotasunik sortzen ez duena) egiten saiatuko direla adierazi zuen. «Maitasun erromantikotik at, gainera, harreman osasuntsu eta askeak ahalbidetzeko, genero aurreiritziak gainditzen» saiatuko direla nabarmendu zuten.
Gazteak «gustura» ibili ziren lagunekin jolasean, eta Bermeoko Udaletik azaldu dutenez, gazteek «oso ondo» baloratu zuten ekimena.