Daniel Lopez zaldizkoak eta 'Kaiku' zaldiak irabazi dute Ereñoko XI. Raida
Izeia Iñiguez nagusitu da Bizkaiko Txapelketan, eta haren atzetik sailkatu da Ane Arostegi errigoitiarra. 60 km-ko proban Ariane Maruri nabarniztarra izan da irabazleaDaniel Lopez Karrantzako zaldizkoa nagusitu zen zapatuan Ereñoko XI. Raidean. Kaiku...
Izeia Iñiguez nagusitu da Bizkaiko Txapelketan, eta haren atzetik sailkatu da Ane Arostegi errigoitiarra. 60 km-ko proban Ariane Maruri nabarniztarra izan da irabazlea
Daniel Lopez Karrantzako zaldizkoa nagusitu zen zapatuan Ereñoko XI. Raidean. Kaiku zaldiagaz, 05:34.20 markagaz lortu zuten garaipena 80 km-ko nazioarteko proban.Kaiku zaldiak, gainera, Best-Condition deritzon saria jaso zuen, hau da, lasterketa baldintzarik onenetan amaitzen duenaren saria.
Jakin Pagadi zaldia eta Ivan Haro zaldizko gipuzkoarra sailkatu ziren bigarren (05:40.00), eta Laelso Lopez Katalunian bizi den brasildarra izan zen, berriz, hirugarrena, Jana G zaldiagaz (05:44.10).
Euska Herriko zaldizkoekin batera, Katalunia, Madril eta Galiziatik etorritakoek lehiatu zuten nazioarteko proba.
Bost kategoriak kontuan hartuta, (CEI 80 km, CEN 80 km, CEN O 80 km, CEAP 60 km eta CEAP 40 km) 42 zaldizkok parte hartu dute aurtengo proban.
40 km-ko lasterketan Bizkaiko Txapelketa lehiatu zuten hamahiru zaldizkok, eta Izeia Iñiguezentzat eta N Amir Iba El Moha zaldiarentzat izan zen garaipena, 02:46.19 denboragaz (Best-Condition saria jaso zuen zaldiak).
Haren atzetik sailkatu zen Ane Arostegi errigoitiarra, Cuca zaldiagaz (02:56.53), eta Rafael Gorriz izan zen hirugarren sailkatua (03:12.54).
Beste alde batetik, CEAP 60 km proban Ariane Maruri nabarniztarra izan zen azkarrena. Adhair zaldiagaz, 4 ordu eta 24 minutuan burutu zuen 63 km-ko lasterketa. Jose Manuel Canales eta Ambar zaldia, eta Amaya Rueda eta Lorp Txispu zaldia sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Eta Ajangizko Kanpantxu auzoko Ana Jaio eta Lorp Voltereta zaldia izan ziren, ostera, laugarrenak.
80 kilometroko beste bi lasterketei dagokienez, CEI 80 km-an Francisco Santiago eta Rohf Manhis zaldia nagusitu ziren (06:26.00), eta CEN 0 80 km proban, berriz, Ainara Basaras eta Iñaki zaldia izan ziren onenak (05:08.35).
Ibilbide berria
Aurten ibilbide edo fase berri bat estreinatu dute, zuriz markatuta egon zen 23 km-koa, eta parte hartzaileak ibilbideagaz «gustura» geratu zirela azaldu dute antolatzaileek. Halaber, goizeko zirimiriak batik bat ibilbidearen zati batzuk lokaztu zituela esan dute.