Atzo hasi zituzten Arratzuko auzo horretako jaiak, eta astelehenera arte izango da jai giroa nagusi bertan. Ume zein nagusiek izan zuten atzo ondo pasatzeko aukera. Goiz eta eguerdian, paella prestatzeko eta ondoren berau bazkaltzeko elkartu ziren auzotarrak. Herri bazkariaren ostean, gaztetxoenek ez zuten apertzeko betarik izan;
Zuresku egurrezko jolasak eta zirku tailerrak izan baitzituzten aukeran. Gainera, ikuskizun batez gozatzeko aukera ere izan zuten bertaratutakoek:
Circo Dabintxi presenta… Y Pepu? lanaz, hain zuzen ere.
Bestalde, gainontzeko jaietan bezala, jan-edanerako aukera ere izan zuten belendiztarrek. Hain zuzen, bakailaoa, txistorra eta hirugiharra jateko tartea hartu zuten. Bapo jan ostean, gorputzak mugitu zituzten, Gauargi erromeriagaz. Jaiak, baina, jarraitu egin zuen Belendizen, erromeriaren ostean, DJ Koolen musikagaz eman baitzioten amaiera zapatuko egitarauari.
Gaur ere jai giroa nagusi izango da Belendizen. 13:00etan hasita, Txakolin bertso kata egingo dute, Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue bertsolarien konpainian. Jaietako ohiko jarduerak ez du hutsik egingo aurten ere, eta txapela nok urrunen jaurti lehiatuko dute bertaratutakoek. Arratsaldean, 18:30 inguruan, umeen jolasak egongo dira eta ordu erdi beranduago hasiko dute briska txapelketa. 20:30ean, ume zein nagusiak elkarregaz txokolatea jateko aukera izango dute.
Astelehenean ospatuko dute Pelaio Deunaren eguna. Hala, 12:30ean meza santua izango du aukeran nahi duenak, eta, ondoren, mokadutxoak jateko elkartuko dira auzotarrak. Hala, datorren urtera arte agurtuko dituzte jaiak.