Batzar Nagusiek 'Gernika' Gernika-Lumora ekartzeko proposamena onartu dute
PPren eta PSEren aurkako botoekin onartu dute EH Bilduren mozioa. Jaurlaritzari eskatuko diote 'Gernika' Gernikan kokatu ahal izateko beharrezko pauso instituzionalak eman ditzalaEH Bilduk jakitera eman duenez, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernika koadroa ...
PPren eta PSEren aurkako botoekin onartu dute EH Bilduren mozioa. Jaurlaritzari eskatuko diote ‘Gernika’ Gernikan kokatu ahal izateko beharrezko pauso instituzionalak eman ditzala
EH Bilduk jakitera eman duenez, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernika koadroa Gernika-Lumora ekartzeko koalizioak egindako proposamena onartu dute, PPren eta PSEren aurkako botoekin.Gernika-Lumok zein Euskal Herriak sarri askotan eskatu izan dute Madrilgo Reina Sofia Museoan dagoen Pablo Picassoren Gernika artelana herrira bertara ekar dezaten, «Gernika herriaren aurka egindako sarraskian oinarritutako artelana delako». Hori horrela, koalizio abertzalearentzat «zentzurik ez» dauka Gernika eta bere historiari lotuta ez egoteak.
Eskaera hori, baina, Espainiako gobernu ezberdinek «ukatu» egin izan dutela gogora ekarri du EH Bilduk, horretarako, garraioari eta mantenuari lotutako arrazoi teknikoak jarrita. Horren aurrean, baina, EH Bilduko batzarkide Josu Unanuek azaldu du egun «euskal instituzioek ez dutela arazorik garraio eta mantenurako beharrezkoak diren baldintzak betetzeko».
Ukapen horren atzean Unanuek uste du Madrilgo gobernuaren «interes ekonomiko eta politikoak» daudela.
Sarraskia egin zutenetik 80 urte bete diren honetan, Bermeoko batzarkideak uste du «une egokia» dela artelana behin betiko Gernikan kokatzeko, eta baita «ezinbestekoa ere». Halaber, sufrimendu guztien aitortza egingo duen memoria historiko bat eraikitzea ezinbestekoa dela deritzo. Horretarako, bonbardaketa jasan zuten herritarren herrian artelana egoteak «bere indarra eta salaketaren sakonta- suna biderkatuko» lukeela aldarrikatu dute.
Jaurlaritzari deia
Horrela, Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu dute Gernika Gernikara ekartzeko eskatzen duen eskaera formala Espainiako Gobernuari eta kultura ministeritzari igortzea. Era berean, Eusko Jaurlaritzari dei egiten diote «Gernika Gernikan kokatu ahal izateko beharrezkoak diren pauso instituzionalak eman ditzan, eta baita beharrezkoak diren azpiegitura eta egokitzapen lanetan lagun dezan».