Ohitura legez,
Gorpuzti Jaien azken asteburuan, mendi martxan eta Paella Egunean elkartuko dira udalerriko zein inguruko bizilagunak.
Zortzigarren mendi martxa da aurtengoa, eta parte hartzeko asmoa dutenek bi ibilbide izango dituzte aukeran
domekan [ekainak 25].
22 kilometroko ibilbidea dauka martxa luzeak, eta laburra, ostera,
9 kilometrokoa da. 14 urtetik beherakoentzat doan da, eta gainontzekoek 12 euro ordaindu behar dituzte.
Domekan, martxak hasi aurretik izena eman behar da, baina zapatu arratsaldean ere izena emateko aukera egongo da Kultur Etxean, 17:00etatik 22:00etara.
Ibilaldi luzeenean parte hartzen dutenek, mendirik mendi eta kostaldetik pasatuz, Ibarrangelu alde batetik bestera zeharkatuko dute.
08:30ean udaletxe aurretik irtengo dira, eta besteak beste, Laga eta Laida hondartzetatik, Antzora auzotik, Kanaletik, Atxarretik eta Tremoia auzotik pasatuko dira martxa hasitako leku berean amaitzeko. Ibilbidean zehar, jan-edanagaz
hiru anoa-postu ipiniko dituztela jakitera eman dute.
Ibilbide laburrena egiten dutenak, berriz,
10:30ean aterako dira udaletxetik. Horiek, Bolueta, Gorozika, Iruzkieta eta Tremoia zeharkatuko dituzte, besteren artean.
Juan Luis Arrizabalagak bota zuen txupina barikuan.
Ibilbideak amaitzean udaletxe aurrean hamaiketako ederra izango dute, eta parte hartzaileek mendi martxako
motxila bana jasoko dute.
Zapatua, Paella Eguna
Zapatuan, kuadrilletan elkartuta paellak prestatzen hasiko dute eguna. Arratsaldean, berriz,
Ibarrangeluko, Elantxobeko, Eako eta Gautegiz-Arteagako umeen esku pilota eta pala partiduak ikusteko batuko dira frontoian.
Paella Txapelketari dagokionez, kuadrilla irabazleak Idiazabal gazta, txanpan botila eta herriko jaietako zapia jasoko ditu. Bigarrenak gazta erdia eta txanpan botila irabaziko ditu, eta hirugarrenak gazta laurdena eta txanpan botila.
Giro ederra, lehen asteburuan
Eguenan Gorpuzti Eguna ospatu, eta bariku iluntzean izan zen txupinazoa. Aurten
herriko nagusien kuadrilla batek bota du txupina.
Jaiei hasiera ofiziala eman ostean, tabernarik taberna ibili ziren herriko Trikitixa Eskolako gazteekin kalejiran, Ander Elortegi, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitiagaz bertso poteoan eta Kuklux Txarangaren erritmo biziek lagunduta.
Aurreko asteburuan giro itzela izan zuten. Zapatuko
herri bazkarian, esate baterako, 180 pertsona batu ziren, eta bazkalostea dantzan eta kantuan igaro zuten Obieta eta Esteibarren erromeriagaz. “Gaueko kontzertuetan ere jende asko egon zen; gau giro ederra izan genuen, eta inguruko herrietatik ere jende asko hurreratu zen. Orokorrean, lehenengo asteburuko ekintzak oso ondo joan dira, parte hartze onagaz”.
ASTEBURUKO EGITARAUA
ZAPATUA:
- 12:00. Paella Txapelketarako izen ematea Eleizalden.
- 14:00. Paellen aurkezpena.
- 17:00. Gazteen esku pilota eta pala partiduak frontoian.
- 19:00. Lehen mailako esku pilota partida: Luis Cabrerizo-Endika Uriondo vs. Aritz Lasa- Hodei Beobide.
- 20:00. Dominguez Mariatxiak Ibaetatik Eleizaldera tabernaz taberna.
DOMEKA:
- 08:30. Mendi martxa luzea.
- 10:30. Mendi martxa laburra.