EH Bilduk jakitera eman duenez, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernika Gernika-Lumora ekartzeko koalizioak egindako proposamena onartu dute,
PPren eta PSEren aurkako botoekin.
Gernika-Lumok zein Euskal Herriak sarri askotan aldarrikatu izan dute Madrilgo Reina Sofia Museoan dagoen Pablo Picassoren Gernika artelana herrira bertara ekar dezaten, “Gernika herriaren aurka egindako sarraskian oinarritutako artelana delako”. Hori horrela, koalizio abertzalearentzat “
zentsurik ez” du Gernika eta bere historiari lotuta ez egoteak.
Eskaera hori, baina,
Espainiako gobernu ezberdinek “ukatu”egin izan dutela gogora ekarri du EH Bilduk, horretarako, garraioari eta mantenuari lotutako arrazoi teknikoak jarrita. Horren aurrean, baina, EH Bilduko batzarkide Josu Unanuek azaldu du egun “euskal instituzioek ez dutela arazorik garraio eta mantenurako beharrezkoak diren baldintzak betetzeko”.
Ukapen horren atzean Unanuek uste du
Madrilgo gobernuaren “interes ekonomiko eta politikoak” daudela.
Sarraskia egin zutenetik 80 urte bete diren honetan, Bermeoko batzarkideak uste du “
une egokia” dela artelana behin betiko Gernikan kokatzeko, eta baita “ezinbestekoa ere»”. Halaber, sufrimendu guztien aitortza egingo duen memoria historiko bat eraikitzea ezinbestekoa dela deritzo. Horretarako, bonbardaketa jasan zuten herritarren herrian artelana egoteak “bere indarra eta salaketaren sakontasuna biderkatuko” lukeela aldarrikatu dute.
Jaurlaritzari deia
Gauzak horrela, Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu dute Gernika Gernikara ekartzeko eskatzen duen
eskaera formala Espainiako Gobernuari eta kultura ministeritzari igortzea. Era berean, Eusko
Jaurlaritzari dei egiten diote “Gernika Gernikan kokatu ahal izateko beharrezkoak diren
pauso instituzionalak eman ditzan, eta baita beharrezkoak diren azpiegitura eta egokitzapen lanetan lagun dezan”.