Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde aitortza egin die eguerdian 82 gudari eta haien familiei. “Gaurko omenaldiarekin herri honen memoria kolektiboan txertatzen dugu 82 gazte hauen eta beren familien oroimena, askatasuna eta zilegitasun demokratikoa bezalako balioen alde bizia eman zutenen bizipenak, alegia”, adierazi du Markel Olano Gipukoako Ahaldun Nagusiak.
82 gudari haietatik
71 gipuzkoarrak ziren, eta haien senitarteko askok orain dela gutxi jakin dute Gernika-Lumoko kanposantuan lurperatuta zeudela. Soldadu errepubilkar gehienak Loiola, Amaiur, Itxarkundia eta Saseta batailoietako kideak ziren.
Inolako aitortza eta errekonozimendurik jaso gabe egon dira gaur arte, eta gaurko ekitaldiaren helburua gudarien historia ahaztuari eutsi, eta gizarteratzea, plazaratzea dela zehaztu du Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak: “Gaur arte haien bizipenak, istorioak eta zendu ostean haiekin gertaturikoa ere lurpean egon dira. Lur azpian egon da herri honen iraganeko pasarte hau 80 urtez. Zigor gehigarria ezarri nahi izan zien frankismoak hemen lurperatutako 82 euskal gazte hauei: euren memoria ezabatzea. Inoiz existitu ez balira bezala. Askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatzeagatik hil ez balira bezala”.
Gudarien izen-abizenak dituzten bi plaka jarri dituzte kanposantuan.
Soldadu errepubilkar haien
izen-abizenekin osatutako bi plaka jarri dituzte Zalloko hilerrian, eta Olanoren berbetan, iragana “ezabatzeko” ahaleginean frankistek “porrot egin” zutela adierazten dute.
Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak
Julian Lejarraga Zalloko hilerriko behargina izan du gogoan. Izan ere, gaur omendu dituzten 82 gudarien eta gerraostean Gernikako ospitale militarrean hiltzen utzi zituzten 270 soldadu errepublikarren gorpuak hilobietatik ateratzeko agindua eman zuen Gernikako alkate frankistak 1947an, eta Lejarragak ez zuen agindua bete. “Hark ekidin zuen historia ahanzturaren ozeanoan galtzea. Hilobi komun batean sartu zituen, eta euren memoria gorde. Gizon honen ardurari esker, pasarte hauen argiek piztuta jarraitu zuten frankismoaren iluntasunean. Hari zor diogu gaur hemen egotea, eta baita iraganeko historia ezkutuak lurpetik ateratzea xede duten Erkibe Kultur Elkarte eta Gernikazarra elkarte memorialisten lanari ere”.
Omendutako 82 gudarien hainbat senitartekogaz batera,
Euskal erakunde eta elkarte desberdinen ordezkariek parte hartu dute Zalloko ekitaldian. Besteak beste, Gipuzkoako zein Bizkaiko Batzar Nagusietako kideak, Gipuzkoako hainbat alkate, Gernika-Lumoko udal ordezkariak eta Gernikazarra, Gernika Gogoratuz eta Bakearen Museoko ordezkariak batu dira eguerdiko ekitaldian. Horiek guztiek kanposantuan lurperatutako gudariei lore eskaintza egin diete omenaldiaren amaieran.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak 36ko gerran zein frankismoan erahildako askoren familiek oraindik haien arbasoen gorpuzkiak aurkitu ez izana gogora ekarri du.
Azaldu duenez, hainbat urteren ostean, oraindik aurkitu gabeko senideen ondorengoek ez dakite nora eroan haientzat gordeta dituzten lorak. “Hori entzutea gogorra da, zer esan horren aurrean. Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiet memoria historikoa gogorarazten eta ateratzen laguntzen diguten guztiei, eta aldarrikapena egin lan horretan segitzeko. Oso garrantzitsua da Euskal Herriarentzako. Gudariei eta haien ondorengoei zor diegu. Hainbat herritako gudariek bat egin zuten Gernikan, Euskadi defendatzeko, demokrazia eta askatasuna defendatzeko. Halako omenaldi eta keinuak seguruenik txikiak izango dira, baina orain behintzat badakigu lorak non jarri”.
Agintariek eta senideek lore eskaintza egin diete.
Jose Maria Gorroño
Gernika-Lumoko alkateak esan du iragana landu behar dela “oraina eraldatzeko”. “Biktimek, haien familiek eta gizarteak eskubide urraketei buruzko egia ezagutzeko eskubidea dute. Egia argitzea da berriro ez gertatzeko bide bakarra”.
Haren berbetan, bidegabekeria “krudelak” edota giza eskubiden urraketak ez errepikatzea ez da nahikoa;
“egiturazko eraldaketak” beharrezkoak direla adierazi du: “Ezinbestekoa da erakunde eta indar objektiboak egotea, alderdi politikoekiko independenteak egotea”.