Kadeteen Busturiko Udala Saria lehiatuko dute zapatuan
10:30ean hasita, txirrindulariek Altamira auzoan hasi eta amaituko dute 56,3 kilometroko lasterketa.
Altamiratik irtenda, San Kristobal auzotik pasatu eta Gernika-Lumoraino helduko dira. Han buelta hartu, eta Busturiako Axpe auzoko Madariaga Dorretxeraino joango dira. Jarrain, berriro ere Gernika-Lumora joan, eta Arratzu eta Kortezubi pasatu ostean, Gautegiz-Arteagara helduko dira Muruetagane igotzeko. Handik Ibarrangelura heldu, eta Laga eta Laida hondartzetako errepidea hartuko dute. Hondartzetatik bueltan Gautegiz-Artegara joan eta helmugarako bidea hartuko dute.
Tarteko helmuga Foruan, 21,5 kilometroan izango dute, eta mendikoa, berriz, 30 kilometroan, Muruetaganen.
Busturia Txirrindulari Taldeko kideek azaldu dutenez, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 20-25 txirrindulari talde batuko dira Busturian. Hain zuzen ere, 180 bat txirrindularik lehiatuko dute Kadeteen Busturiko Udala Saria.
Gaztetxoak Torneoa
Zapatuko lasterketa Gaztetxoak Torneoko bosgarren proba da. Esate baterako, aurreko biak Larrabetzun eta Gasteizen jokatu zituzten ekaineko lehenengo asteburuan.
Sariak
Lasterketako lehenengo hirurak saritzeagaz batera, sailkatzen den lehen emakumeak ere saria jasoko du. Era berean, tarteko helmugako, mendiko, eta lehenengo urteko kadetearen sariak ere izango dira, bai eta talde onenarena ere.