Doro Zobaran Kaltzada. Ekainak 13: Abiñagako (Abiña) San Antonio Eguna (auzo jaia)
Abiña, Sukarrieta eta Busturiaren arteko errietaren arrazoia da, Bizkaiko Foru Aldundiaren oparia.
Jai hau Jose Mari Atxikallende busturiarrak edo errigoitiarrak Abiñagako Maria Iturrirekin ezkondu ondoren, iturritarren lurretan auzotarrek elkar lanean santuari eskainitako ermita eraiki zutenean sortua delakoan nago.
Elez jasotako berriak dio, Abiñagako baserriak balkoian San Antonioren iruditxoa zeukala, eta Bermeo zein inguruko arrantzale bat edo beste ia egunero joaten zela santuari mesede eske. Beraz, Abiña eta inguruko auzokideek Urkizuri, Urkitze dorre. Urkitze, Santañe, Motrollu, Artadi (Itsabegi) zera erabaki zuten, auzolanean, santuaren irudi handiago bat erosi eta Abiñako lurretan, San Antonioren izeneko elizatxoa eraikitzea.
Ordutik Abiñagako San Antonioren eguna Urkiolakoarekin batera ospatu izan dugu, Sukarrieta eta Busturiak batera. Jai hori, geografikoki inguru horretara lotuta dauden auzokideen artean antolatu izan da.
Orografiak bat izatea gura izan duen ingurua, gizakiok asmatutako erakundeek administrazioz bi izatea erabaki dugu. Zuhaitzek ordea basoa bat dela diote. Haginaga (Abiña), Urkizuri, Urkitze, Haginaga-buru (Abiñaburu) eta harantzago Artadi, inguru hori toponimoz behintzat zuhaitzena da. Eta herritarron zentzu ona, interes administratibo eta bekaiztien mendekuen gainetik dagoela ulertzen dugulako, bazterketa gainditu eta baso bat izatera deitzen dugu.
Jai horretara Sukarrietako zein Busturiako herritarrok batu izan gara. Eta inguru hori sano bizi izan dela diogu, administrazioak eta bekaizkeriak lukurreriaren arra ekarri duten arte.
Iaz ernaldutako arra aurton munduratu da: Sukarrietako udalaren aurrekontua jabetu da jaiaz, eta baten batek lortu du 2017ko sanantonioetan, Busturiako lurretan jaiari dagozkion ekitaldirik ez egitea.
Beraz, Abiñaburu, Urkitze, Urkitze dorre, Motroilu, Itxurriondo, Santarena, Landaberde, Itsasbegi, Erramona, Urrutia eta abar, jaiaren soinuak arrotz entzun behartuko dituzte busturiarrak direlako.
Baina Abiñako San Antonio eguna beti elkarrekin geurea sentituz ospatu izan dugunok ez gaude prest batzuen umekeria egozentrikoa dela medio ohiturari uko egiteko. Beraz, bi herriak elkartuko gaituen kultura ekitaldia antolatu dugu: D’ Capricho Danieuris eta Daniellis Moya ahizpa kubatarrek osatzen duten taldearen kontzertua.
Emanaldia hilaren 13an Abiñagako San Antonio egunean Abiñaburun izango da, 20:00etan. Busturiko lurretan, halabeharrez.
Zatoz Abiñara betiko legez/ Busturi zein Sukarrieta/ Ermita ere elkarrekin eraikia denez/San Antonio eguna batasun eguna da sortzez.