Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta, urtero legez, horren harira, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean batu da gaur. Hain zuzen ere, Busturiko Ekoetxea Urdaibain batzartu dira Lehendakaria eta sailburuak.
Gobernu Kontseilua hasteko prest
09:30ean iritsi da Iñigo Urkullu Lehendakaria Ekoetxeara, han zain zituen sailburu guztiak. Busturiko alkate Aitor Aretxaga ere han zegoen, Lehendakariari harrera egiteko.
Erakusketa iraunkor berria bisitatzen
Gobernu Kontseilua hasi aurretik, Ekoetxea Urdaibaiko atartean jarri berri duten Cirbu erakusketa iraunkorra bisitatzeko aukera eduki dute. Erakusketa horren helburua, bisitari guztiei, baina, bereziki, gazteenei, Biosfera Erreserbak eskaintzen dituen paisaiak, ekosistemak eta biodibertsitatea hurbiltzea da. Hori guztia modu erakargarri batean egin gura izan dute, eta horretarako ikus-entzunezko ugari jarri dituzte erakusketa berrian.
Gaurko Gobernu Kontseiluan Ondarroa izan dute hizpide. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseilu osteko prentsaurrekoan esan duenez, Ondarroako Udala Kamiñaldeko mendi hegala egonkortzeko premiazko lanak finantzatzeko laguntza 3,2 milioi eurora zabaltzea onetsi dute. Erkorekaren arabera, otsailean, Jaurlaritzak Ondarroako Udalari 2 milioi euroko laguntza ematea onetsi zuen, eta atzo erabaki zuten laguntza hori igotzea, «konplexutasun handiko obretan aurrera egiteko eta beren etxeak utzi behar izan dituzten herritarren ondare pertsonala babesteko».
Eskola jasangarriaren ziurtagiriak ere banatu dituzte.