Bertsolaritzari buruz dakitena erakusteko aukera izan dute gaur eskola umeek, Lizeo antzokian egin dituzten bertso topaketetan. Kantatzeaz gain, jolasteko aukera ere izan dute, Ander Elortegi bertsolariak gidatutako saioetan.
Ikasturtean ikasitakoa erakutsiz, ondo pasatzeko aukera ere izan dute, beraz. 10:00etako eta 12:00etako saioetan, Lizeo antzokian bildu dira LH 5-6. mailetako eta DBHko ikasleak. Asmakizunak, jolasak, antzezlanak eta bestelakoak baliatuz, bertsoak sortzeko ahalmena erakutsi zuten gazteek.
“Hizkuntza arlo askotan landu daiteke, eta, sarritan, arlo akademikoarekin lotzen dugu euskara”.
Bigarren urtez egin dute topaketa, eta balorazio ona egin du Euskara zinegotzi Marisa Aldamizetxebarriak. Haren esanetan, topaketek bertsolaritzari hezkuntza mailan behar duen lekua ematea dute xede. «Bertsoekin gozatzeko aukera dute ikasleek, eta , horrela, bertsolaritzak merezi duen tokia hartzen du», zehaztu du. Bertsolaritza klaseekin, bertsoekiko zaletasuna pizteaz gain, hizkuntza ere lantzen dute ikasleek. Zinegotziak esan duenez, «hizkuntza arlo askotan landu daiteke, eta, sarritan, arlo akademikoarekin lotzen dugu euskara. Baina hori baino gehiago da, eta bertsolaritzak euskara modu gozagarrian lantzeko aukera ematen du».
Zaletasuna piztu asmoz. 10:00etako saioan bildu dira Seber Altube, Mertzede, Barrutia eta Barrutialde ikastetxeak; eta 12:00etakoan Allende Salazar, Gernika BHI eta San Fidel. Bigarrenez egin dute topaketa, iazko arrakastari erantzunez. «Eskoletan hasi ziren ikasleak bertsoak modu ezberdinean lantzen, eta iaz erabaki genuen lehenengoz eskolen arteko topaketak egitea. Ikasleek pozik parte hartu zuten, gustura egon ziren eta aurten berriro errepikatzea erabaki dugu», azaldu du Euskara zinegotziak.
Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Bizkaiko Bertsozale elkarteak antolatzen dituzte topaketak, eta iaz baino zaletasun handiagoa nabari izan dute. Eszenatokian, ikasleek egin beharrekoa gidatzeko ardura izan du Ander Elortegi bertsolariak.
Bertsolaritzak ibilbide bat izan dezakeela erakusteko, ilibertsoko kideek ere parte hartu dute topaketetan
Eta ikasleei bertsolaritzak ibilbide bat izan dezakeela erakusteko, Elortegiren eskutik heldu dira, baita, Lilibertsoko kideak oholtza gainera. Mikel Retolaza eta Ibai Amillategi Elortegiren aginduei jarraituta egin dute gaur bertsotan, 10:00etako saioan. Librean, ofizioka edo puntuka, bertso saioa eskaini diete bi bertsolariek Lizeo antzokian bildutakoei. Topaketek, beraz, zaletasuna sortzen lagunduko dutelakoan dago Aldamizetxebarria.