Giro alaia euskal erromerietan
Lekeition eta Mutrikun dantzariek hartu zituzten kaleak zapatuan. Egun osoko egitarauagaz gozatu zuten, eta eguraldia lagun, ondo pasa eta ondo pasa eragin zutenKolorez eta irrintziz jantzi ziren zapatuan Lekeitioko eta Mutrikuko kaleak goizean goizeti...
Lekeition eta Mutrikun dantzariek hartu zituzten kaleak zapatuan. Egun osoko egitarauagaz gozatu zuten, eta eguraldia lagun, ondo pasa eta ondo pasa eragin zuten
Kolorez eta irrintziz jantzi ziren zapatuan Lekeitioko eta Mutrikuko kaleak goizean goizetik. Eguzkia lagun, dantza saio politak eskaini zizkieten dantzariek inguruan bildu ziren herritarrei, Zaletxuak elkartearen eta Gure Ametsa dantza taldearen ekimenez. Umorerik ez zuten falta izan, eta halako egunak ondo pasatu eta ondo pasa eragitekoak direla argi utzi zuten.11:00etan eman zieten Lekeition hasiera eguneko ekimenei. Merkatu Plazan batu eta hamaiketakoa eduki zuten jantzi eta zapiak janzten zituzten bitartean. Handik abiatu ziren 12:00etan kalejran; Moilatik plazara eta handik Eskolaperainoko ibilbidea egin zuten Aittitta Makurrako Txikirri-Txikirri taldeak lagunduta, bidean dantza saioak eskainiz. Zaletxuak elkartean euskal dantzak ikasten aritu zirenekin batera aritu ziren dantzan beste hainbat herritatik etorritakoak ere: Amorotoko Arta Nagusia dantza taldekoak, Ispasterko taldekoak, Deustuko Mikeldi dantza taldekoak, Goierri Dantza Taldekoak eta Eatik etorritakoak. 120 dantzari inguruk egin zuten bat Lekeitioko euskal erromerian.
Gure Ametsa Dantza Taldeak, berriz, 12:30ean bildu zituen dantzariak Mutrikun; 50 inguru izan ziren. Goiko Plazan egin zituzten eguneko lehen dantzak; Larrain Dantzak tabernetako terrazetan zeuden herritarrak ere jarri zituen gorputzak astintzen. 14:00etan, Beheko Plazarako bidea hartu zuten, trikitilari gazteen doinuek lagundurik. Irrintzi artean egin zuten ibilbidea. Dantza emanaldia amaituta, Miruaitzen bildu ziren bazkaltzen.
Gaua helduta agurtu zituzten bi herrietan euskal erromeriak. Pozik amaitu zuten eguna batean zein bestean. Eta Mutrikun, nahiz eta beste urteetan baino jende gutxiago batu, egun polita izan zela adierazi zuten, eta eguraldiak ere lagundu zuela.