Bertsotan duten abilezia erakutsiz
Ikasturtean ikasgeletan ikasitakoa agertokira eroan dute San Frantzisko ikastetxeko, Sagrado Corazon ikastetxeko, Eleizalde ikastolako eta Institutuko ikasleek; guztira, 185 ikasle batu dira bertso topaketan.San Frantzisko Herri ikastetxeko, Bermeoko i...
Ikasturtean ikasgeletan ikasitakoa agertokira eroan dute San Frantzisko ikastetxeko, Sagrado Corazon ikastetxeko, Eleizalde ikastolako eta Institutuko ikasleek; guztira, 185 ikasle batu dira bertso topaketan.
San Frantzisko Herri ikastetxeko, Bermeoko institutuko, Eleizalde ikastolako eta Sagrado Corazon ikastetxeko 185 ikaslek parte hartu dute Bermeoko Kafe Antzokian egindako Bermeoko bigarren bertso topaketan.Ikasturtean ikasgeletan ikasitakoa kalera atera, eta jendeaurrean erakusteko aukera eduki zuten. Hala, ikasturteari amaiera borobila emateko eta ondo pasatzeko aukera eduki zuten. Bertsotan, gainera, modu ezberdinetan ibili ziren ikasleak; asmakinak eta jokoak egin zituzten, bai eta antzerkiak ere.
Ander Elortegi eta Jone Larrinaga bertsolaritza irakasleek aurkeztu zuten bertso topaketa, eta eskualdeko bertsolariak aritu ziren bat-batean: Nagore Beitia, Iker Uriarte, Mikel Retolaza eta Ibai Amillategi. Musika entzuteko aukera ere eduki zuten bertaratutako guztiek, Oier Ponce ondarrutarraren eskutik. Azaldu dutenez, giro oso polita sortu zen Kafe Antzokian.
Beste alde batetik, bertso paper lehiaketaren sari banaketa ere bertso topaketan egin zuten. Sariei dagokionez, 12 urte arteko gaztetxoetan, ikastetxe bakoitzeko sari bana eman zuten, eta sari orokor bat ere banatu zuten. Bigarren mailan, 13 eta eta 18 urte bitarteko gaztetxoen artean, bestalde, bi sari banatu zituzten.
Bertso topaketa Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sustatutako Gu ere bertsotan proiektuaren baitako ekimena da, eta bertsozaletasunari zabalkundea ematea du helburu.