“Atzo, gaur eta biharko euskal gudariak” omendu dituzte gaur eguerdian Gernika-Lumon. Astrako babeslekuaren aurrean dagoen belardian, lorategi bat jarri dute, “oroimenen lorategia; gudarien oroimenerako lekua; borrokaren duintasunaren topagunea; euskal historiaren bilgunea”. Loreez eta zuhaixka batez inguratuta, plaka bat jarri dute bertan; lehenengo eta bigarren belaunaldiko gudarien omenez, Lauaxeta eta Sarrionandiaren bertso bana idatzirik.
Euskal Herriaren aldeko borrokak eta errepresioak urteetan ez dutela etenik izan azaldu dute gaur eguerdiko Busturialdeko herri ekimenean; «80 urte igaro dira Sollube eta Matxitxakoko bataila krudelak bizi genituenetik eta Gernikako bonbardaketa genozida pairatu genuenetik; halaber, 42 urte bete dira Andoni, Blanki eta Iñaki hil zituztela; 33 urte Katu hil zutela, 32 urte beteko dira Manu hil zutena, eta 26 urte beteko dira hilaren 30ean Jon eta Joan Carles hil zituztela», gogoratu dute.
Hala, horiek eta Euskal Herriagatik “guztia eman dutenak” eskertu gura izan dituzte gaurko ekitaldian, baita askatasun haizeari, “eurei”. Eta gogoratu dute, bizi osoan zehar borrokatzeari uzten ez diotenak “ezinbestekoak” direla. Oihu artean, gainera, terroristarik barik, gudariak direla aldarrikatu dute.
“Herriak hil nahi izan dituzte, bizitza, bihotza…ukatuz. Baina hemen dago ortzadarra, oroitzapena eta geroa lotzen duen ortzadarra; amnistiaz, independentziaz, sozialismoaz, askatasunaz, berdintasunaz osatutako ortzadarra. Gure ama lurra defendatzeko haurra bizirik mantenduko duen ortzadarra. Eta, horretarako, guk oroitzapena bizirik mantendu behar dugu”.
Gudariekiko maitasuna
Ekitaldian argi hitz egin dute: Gudariak “gudariak direlako” maite dituztela azaldu dute; “gure herriaren aldeko borroka maite dugulako, eta gure herriaren aldeko borroka bizirik mantendu nahi dugulako”. Azken finean, Euskal Herriaren askatasuna eta ametsa maite dituztelako, maite dituzte gudariak. Testuinguru horretan, Lauaxetaren hitzak ekarri dituzte gogora: “Dena eman behar zaio maite den askatasunari”. Eta gudari guztiek hala egin dutela aitortu dute, eta ildo horretatik, ahots altuan galde egin dute: “Guk ere, emango ahal diogu askatasunari merezi al duena?” Izan ere, diotenez, “guztiok zerbait eman behar dugu, gutxi batzuk dena eman behar ez dezaten”.
Ekitaldian, halaber, bertso bi abestu dituzte guztien artean, eta memoriari buruzko olerki bat ere irakurri dute. Plakaren aurrean jarrita, aurreskua ere dantzatu die dantzari batek gudariei, eta baita “Eusko Gudariak” abestia kantatu denen artean. Txalapartaren soinuagaz borobildu dute, ostera, ekitaldiaren amaiera. Hortik, luntx-a jatera joango dira ekitaldian bildutako batzuk.
Ekitaldiaren aurretik, baina, mahai inguruan bildu dira hainbat herritar Astran,
Militantzia belaunaldiz belaunaldi: Borroka, oroimena eta duintasuna izenburupean.