Sukalkia egiteko bildu dira herritarrak Ajangizen gaur. Ez da txapelketarik antolatu, baina, goizean goizetik elizpean aritu dira sukalkirako guztia presatzen Ajangizko eta inguruko bizilagunak.
Txapelketarik egon ez arren, guztiek egin dute kazolaren aurkezpena, eta talde bakoitzeko bina ordezkarik udalak emandako aurreko mantala jarri dute soinean. Guztira, hamabi kazola aurkeztu dituzte; horietan bat, gainera, sukalkiarena barik, makarroiena izan da.
Sukalkia prestatzen aritu direnak zein sukalki hori dastatu nahi izan dutenak herri bazkarian batu dira, herriko plazan jarritako mahaietan. Elizpean, baina, nork bere tokian prestatu du sukalkia; jateko, aldiz, elkarrekin eseri dira; guztiak toki berean. Hala gura izan du udalak, “bakoitza toki batean barik, alkarregaz”. Herriko alkate Mikel Ander Zubizarretak jakinarazi duenez, 241 lagunek eman dute izena bazkarian parte hartzeko.
Lehenengo aldia da jaietan hala egiten dutena, eta “arrakasta handia” izan du. Izan ere, iaz, herri bazkarian, 85-90 lagun elkartu ziren. Beste modu batera egin zuten orduan, catering bitartez. Sukalkiak, beraz, herria animatu eta elkartu egin du oraingoan.
Aurtengo arrakasta ikusita, datorren urtean ere, tankerako zerbait egiteko asmoa erakutsi du alkateak, “beharbada, marmitakoa”. Eguraldia lagun dutela eta, pozik da alkatea herrian dagoen giroagaz.
Arratsaldean ere, festak ez du etenik izango; umeentzako puzgarriez gain, girotzeko musika izango baitute herrian ume zein nagusiek.
Gaurko egunagaz, baina, jaiak datorren urtera arte agurtuko dituzte Ajangizen.