EuskoTrenen geltokian HITZAren zenbait ale uzten hasi da udala
Udalak eta LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAk sinatu duten hitzarmenaren bidez, udalak egunkariaren 110 ale banatuko ditu leku publikoetanBermeoko Udalak eta LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAk hitzarmena sinatu dute, euskara eta e...
Udalak eta LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAk sinatu duten hitzarmenaren bidez, udalak egunkariaren 110 ale banatuko ditu leku publikoetan
Bermeoko Udalak eta LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAk hitzarmena sinatu dute, euskara eta euskal komunikabideak sustatzeko eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaldu asmoz. Hitzarmenaren bitartez, udalak 110 ale banatzen jarraituko du herriko leku publikoetan. Aurten, berritasun modura, EuskoTrenen geltokian zenbait ale uzten hasi dira.«Ideia ona iruditu zitzaigun geltokian zenbait ale uztea tren zerbitzuaren erabiltzaileen eskura. Proposamena egin genion EuskoTreni eta baiezkoa eman ziguten. Hortaz, joan den astetik aurki daitezke geltokian HITZAren zenbait ale», azaldu zuen Bermeoko euskara teknikari Maite Alvarezek atzo emandako prentsaurrekoan.
Herritarrek asko erabiltzen dituzten erakunde batzuetako zerbitzuetara zabaltzen ditu udalak harpidetzak. Iaz hasi ziren Osakidetzaren Bermeoko osasun etxean Hitzaren aleak banatzen, eta, aurten, jarraitzea erabaki dute, udalarentzat «ezinbestekoa delako osasun etxera doazen herritarrek tokiko euskarazko albisteak euskaraz irakurtzeko aukera edukitzea». Alvarezek esan duenez, Osakidetzari aholkatu diote ekimena herri gehiagotara zabaltzea.
Itxaron gelak, tabernak…
Beste urte batez, bestalde, itxaron gelak dituzten hainbat leku aukeratu dituzte egunkariak banatzeko (ileapaindegiak, estetika zentroak, bidaia agentziak, hortz klinikak…). Eta, azken urteetan egin modura, Bermeoko udal eraikin guztietan ere egongo da egunkaria herritarren eskura; bai eta zenbait tabernetan ere.
Euskara zinegotzi Juan Karlos Agirrek hitzarmenaren garrantzia nabarmendu gura izan du, eta honako helburuak dituela esan du: euskararen alde egitea, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta irakurzaletasuna zabaltzea bermeotarren artean. «HITZAk hurbileko informazioa euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzen die herritarrei. Horregatik harpidetzak garrantzitsuak direla uste dugu», esan du Agirrek.
LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAko zuzendari Larraitz Ibaibarriaga Etxabururen arabera, «pozgarria» da elkarlanagaz jarraitzea. «Bermeok, gainera, euskaraz bizi nahi du, eta hau pauso bat da». Esker hitzak izan ditu udalarentzat, egunkaria leku publikoetan banatuta, irakurle gehiagorengana iristeko aukera ematen duelako, eta hortik harpidetzak lor daitezkeela adierazita; izan ere, «harpidedun barik HITZA ezingo litzateke sostengatu».
Azken hiru urteetan, Bermeoko Udalaren eta HITZAren hitzarmenaren bidez egunkaria jaso zuten 21 leku publiko «HITZAren garrantziaz jabetu», eta harpidedun ordaintzaile bihurtu direla azaldu dute. Establezimendu bakoitza harpidedun ordaintzaile bihurtzearen garrantzia aipatu du Agirrek.
Euskararen normalizazio bidean lanean jarraitzeko, mota honetako ekimenak «beharrezkoak» direla aipatu dute guztiek.