Umeek eskolan jaten dutenaz ariko dira bihar bigarren formazio tailerrean
Eako Udaleko Sozioekonomia Batzordeak antolatuta, formazio hitzaldiak jarri dituzte herritarren eskura herriko txoko ezberdinetan. Guztira, lau formazio izango dira, eta bihar bigarrena egingo dute.
Joan den maiatzaren 13an hasi ziren formazio hitzaldiekin. Egun horretan, Bedaronan bildu ziren Baserrien adaptazio errespetagarria izenburupeko hitzaldiagaz gozatzeko. Bihar, berriz, Natxituan elkartuko dira 11:00etan.
Gure platera, gure aukera ekimeneko kide Eneko Viñuelak euskaraz emango du hitzaldia, eta umeek eskolan jaten dutenaz ariko da.
Ekainaren 3an eta 17an egingo dituzte hirugarren eta laugarren formazioak Ean. Biharko ordu berean batuko dira egun bi horietan ere. Ekainaren 3an, Desazkundea eta ongi bizitzea izenburupean, gaztelerazko hitzaldia emango du Romain Laufferon Desazkundea taldeko aktibistak.
Ekainaren 17an izango da azken saioa, eta bi hitzaldi egongo dira. Batetik, Agrotoxikoak elikaduran berbaldia emango du Irantzu Durok. Bestetik, Elikadura osasuntsua, 10 urratsetan saioa gidatuko du Esti Olabarriak.
Aipatu hitzaldietan parte hartzeko interesa dutenek beharrezko dute aurretik izena ematea. Horretarako, udaletxetik pasatu edo ondorengo telefono zenbakira deitu behar dute: 649 35 48 34.