Euskal Kantu Txapelketaren Bizkaiko finala Lizeora dator
Domekan 12:00etan hasita, banaka, binaka zein taldeka ariko dira hamasei parte hartzaile. Lau onenek Euskal Herriko finalerako txartela eskuratuko duteEuskal Kantu Txapelketaren Bizkaiko finala hartuko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak domekan. Lau urt...
Domekan 12:00etan hasita, banaka, binaka zein taldeka ariko dira hamasei parte hartzaile. Lau onenek Euskal Herriko finalerako txartela eskuratuko dute
Euskal Kantu Txapelketaren Bizkaiko finala hartuko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak domekan. Lau urtetik behin egiten den txapelketa da, eta etorkizuneko euskal kantugileen zubi lana egiten du. Guztira, hamasei parte hartzaile izango dira.Atzo, Elai-Alai aretoan bildu ziren Ricardo Abaunza Kultur Etxeko zuzendaria, Iñigo Magunagoikoetxea kultura zinegotzia eta Juanjo Zelaia Euskal Kantu erakundeko kidea, domekako saioa aurkezteko. Azaldu zutenez, 12:00etan hasiko da Euskal Kantu Txapelketako Bizkaiko finala, eta bertaratzea doakoa izango da, inongo sarrerarik erosi beharrik barik.
Euskal kantagintza zabaltzea eta erakustaraztea du helburu, besteak beste, aipatu txapelketak. Halaber, kantatzeko zaletasuna piztea eta kantari berriak plazaratzea ere bilatzen du. Hala, «paperetan galtzear dauden edota ia ahaztuta dauden kantuak gogoraraztera» dator aurten ere Euskal Kantu Txapelketa.
Banaka, binaka eta taldeka
Hain zuzen ere, bere izenean euskarazko diskorik ez daukaten abeslarien ahotsaz eta musikaz gozatu ahal izango du domekako hitzordu horregaz bat egiten duenak.
Parte hartzaileak hiru sailetan banatuta lehiatuko direla jakinarazi zuten atzoko aurkezpenean: banaka, binaka edo taldeka. Kantu motaren arabera ere sailkatuko dituzte parte hartzaileak: batetik, kantu ezagunak abestuko dituzte, eta, bestetik, kantu berriak. Azken horretan, bai letra eta bai doinua ere berriak izan beharko dira.
Sail bakoitzeko lehenengo hiruren artean banatuko dituzte sariak: irabazlearentzako txapela eta garaikurra eta bigarren eta hirugarren egiten dutenentzat garaikur bana. Sari horiez gain, baina, puntuazio orokorra kontuan hartuta ere banatuko dituzte sari nagusiak: irabazlearentzako 500 euro, bigarrenarentzako 300 euro eta hirugarrenaren- tzako 200 euro.
Azkenik, sari bereziren bat eskuratzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek, honakoak ere sarituko baitituzte: sorkuntza onena duenarentzat garaikurra, galtzear dauden kantak berreskuratzeko lanari garai- kurra eta ahots hutsez abesten duen onenari garaikurra.
Atzoko aurkezpenean Zelaiak aipatu zuenez, finaleko epaimahaiak parte hartzailearen doinua, hitzak, ahotsa, trebetasuna eta adierazkortasuna hartuko ditu kontuan irabazleak hautatzerakoan.
Hala, domekan ospatuko den Bizkaiko final horretatik lau parte hartzaile aukeratuko ditu epaimahaiak, eta horiek Euskal Herriko finala lehiatu beharko dute Bilboko BBK Salan, ekainaren 3an.